Itxi

Gizartea

Istripua Astunen

Astungo teleaulkiak azterketa tekniko guztiak eginak zituen, Aragoiko presidentearen eta estazioaren arabera

Agentziak | EITB Media

Aragoiko Gobernua eta Astungo eski-estazioa istripuaren arrazoiak ezagutzeko zain daude. Txosten teknikoen zain, zaurituak erreskatatzeko eta lekualdatzeko protokoloek ongi funtzionatu dutela eta larrialdi-zerbitzuek "lan aparta" egin dutela azpimarratu dute.

  • Jorge Azcon, gaur Astunen. EITB.

    Jorge Azcon, gaur Astunen. EITB.

Jorge Azcon Aragoiko Gobernuko presidenteak adierazi duenez, larunbatean Astungo eski-estazioan istripua izan duen teleaulkiak Aragoiko Gobernuaren "administrazio-kontrolak" eginak zituen, "egin ziren eta beteta zeuden"; "orain aztertu egin beharko da teleaulkiak istripua izateko arrazoiak zeintzuk izan diren". Larunbat goizean izandako ezbeharrean 30 pertsona kaltetu dira, eta bi larri eta sei arin zauritu dira.

Azconek Astungo eski-estazioan esan duenez, "zuhurtziaz jokatu behar dugu, teleaulkiak pasatu behar zituen kontrol administratiboak ezagutu arte itxarongo dugu. Aragoiko Gobernuak egindako kontrolak ziren, baina teknikarien txostena eta kausen xehetasunak ezagutzeko zain gaude".

Istripuaren arrazoiak alde batera utzita, Azconek larrialdietarako zerbitzuek emandako erantzuna azpimarratu du: "Larrialdi-zerbitzuek eta -baliabideen jarduna aparta izan da; Pirinioetako eski-estazioetatik etorri dira, ez bakarrik Astundik, baita Candanchutik eta Formigalgo estazioetatik ere". "Bitartekoak ikusgarriak izan dira, eta erantzuna berehalakoa", adierazi du.

Estazioak baimenak behar bezala daudela ziurtatu du

Astungo eski-estazioak igorri duen ohar batean esan duenez, "larunbat honetan istripua izan duen teleaulkiak baimen guztiak indarrean eta azterketak eginak ditu", eta zehaztu du oraindik ez dakitela zergatik gertatu den ezbeharra. 

Halaber, Astundik nabarmendu dutenez, zaurituak erreskatatzeko eta lekualdatzeko protokoloek behar bezala funtzionatu dute, gauzak azkar eta ondo egin direla azpimarratu dute, eta, horri esker, teleaulkian harrapatuta gelditu diren erabiltzaile denak bi ordu eta erdian ebakuatu dituztela.

Era berean, egoerari aurre egiteko mobilizatu diren bitarteko guztien laguntza eskertu dute, baita erakundeena ere. 

Eski-estazioak instalazioak itxi ditu erreskate- eta ebakuazio-lanak arintzeko, eta igande honetan ohiko ordutegian jarduerari berriro ekiteko asmoa du.

Suhiltzaileak erreskate lanetan.

Suhiltzaileak, erreskate lanetan.