Itxi

Gizartea

Istripua Astunen

Bi zauritu larri eta bi arin izan dira Astungo eski-estazioan teleaulki batek izandako istripuan

EITB MEDIA

18 urteko bi neska dira larri zauritutakoak. Hala ere, larrialdia ez da lehen unean zirudien bezain larria izan. Anbulantziek eta helikopteroek zauritu gehienak ebakuatu dituzte, berrogei inguru.

0:44

30 lagun kaltetu dira larunbat goizean Astungo eski-estazioan teleaulki baten matxurak eragindako istripuan.

Aragoiko Gobernuaren azken datuen arabera, bi zauritu larri, 18 urteko bi neska, helikopteroz eraman dituzte. Horietako bat Miguel Servet ospitaleko Traumatologiako ZIUn sartu dute, pronostiko erreserbatuarekin, bilakaeraren zain, eta bestea, Zaragozako Klinikon, Behaketan.

Beste bi zauritu arin Huesca eta Jakako ospitaleetara eraman dituzte, eta beste lau pertsona Jakako osasun-etxera; gainerakoak, hogei inguru, bertan artatu dituzte, eta medikuek aztertu ostean, alta jaso dute.

Eguerdi aldera gertatu da istripua, Canal Roya gailurraren amaierako telaulkian. Antza, ibilbidearen amaieran gurpilari eusten dion pieza (piezarik ahulena eta tentsio gehien jasaten duena) hautsi egin da. Horrek akats bat eragin du mekanismoaren tentsioan, eta astinaldi gogor batek teleaulkiak ezegonkortu ditu, eta batzuk buruz behera geratu dira, polizia-iturriek azaldu dutenez. Eskiatzaile batzuk hegan atera direla kontatu dute lekukoek. Eski-estazioa itxi dute, eta anbulantziak eta helikopteroak lanean aritu dira zaurituak artatzen eta teleaulkietan harrapaturik gelditu direnak jaisten.  

Arratsaldean, Espainiako Gobernuak Aragoin duen Ordezkaritzak kontrolatutzat jo du Astungo eski-estazioan sortu den emergentzia. Zorionez, ez da izan hasiera batean zirudien tamainakoa. 

Fernando Beltran Espainiako Gobernuak Aragoin duen ordezkaria izan da bertaratzen lehena, eta laster iritsi da Jorge Azcon Aragoiko Gobernuko presidentea ere. 

Aragoiko Gobernuak Babes Zibileko Lurralde Plana aktibatu du 1. mailako larrialdi fasean.

Jorge Azcon presidenteak X sare sozialean adierazi duenez, istripuaren berri izandakoan, Astunera joan da, gertatutakoaren berri bertatik bertara jasotzera. 


Bost helikoptero aritu dira zaurituak erreskatatzeko lanetan: Aragoiko Gobernuko bi helikoptero sanitario, Nafarroako beste osasun-helikoptero bat, Mendiko Guardia Zibilaren bat eta Foru Erkidegoko erreskaterako helikoptero bat.

Oinarrizko bizi-euskarriko 24 anbulantzia, 5 ZIU, bizi-euskarri aurreratuko 3 anbulantzia erizainarekin eta 14 anbulantzia konbentzional bertaratu dira, 061ekoak, Nafarroakoak eta Gurutze Gorrikoak. Horrez gain, osasun-zentro bateko langileak, suhiltzaileak eta Babes Zibileko boluntarioak eta Aragoiko Gobernuko Babes Zibileko teknikariak ere bertaratu dira. 

Zaurituak artatzeko, ospitale guztiak aktibatu dituzte, bereziki gertuen daudenak (Jaka, Huesca, Miguel Servet, Kliniko Unibertsitarioa, Royo Villanova eta Barbastro), eta osasun-langile gehigarriak ere bai, premia handieneko tokietara bidaltzeko.

Jakako guardiako epaitegiak bere gain hartu du gertakaria ikertzeko ardura. Senideei informazioa emateko telefono bat jarri dute erabilgarri: 976 71 59 80.

Jorge Azcon Aragoiko Gobernuko presidenteak arratsaldean adierazi duenez, larunbat honetan Astungo eski-estazioan istripua izan duen teleaulkiak Aragoiko Gobernuaren "administrazio-kontrolak" eginak zituen, "egin ziren eta beteta zeuden"; "orain aztertu egin beharko da teleaulkiak istripua izateko arrazoi zehatzak zeintzuk izan diren".

Astungo eski-estazioak igorri duen ohar batean jakitera eman duenez, larunbat honetan istripua izan duen teleaulkiak baimen guztiak indarrean eta azterketak eginak ditu, eta esan du oraindik ez dakitela zer dela eta gertatu den ezbeharra. Larunbat goizean izandako ezbeharrean 30 pertsona kaltetu dira, eta bi larri eta sei arin zauritu dira.

Andoni Amadoz Euskadi Irratiko kazetaria kasualitatez zegoen Astunen eskiatzen, eta azken ordukoaren berri eman du "Gaur Egun" albistegian.

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak laguntza eskaini dio Jorge Azcon Aragoiko presidenteari.