Itxi

Gizartea

Indarkeria matxista

Errejon, epaitegiaren atarian: "Errugabea naizela defendatzera nator"

Agentziak | EITB Media

Auzia lehertu zenetik, 2024ko urritik, bizitza publikotik desagertuta egon da politikaria. Elisa Mouliaa aktoreari sexu erasoa egitea egotzita deklaratu beharko du gaur. Aurrez, epaileak biktima galdekatu du.

  • Errejon, kazetarien aurrean, gaur.

    Errejon, kazetarien aurrean, gaur. EFE

Iñigo Errejon Sumarren diputatu ohi eta Podemosen sortzaileetako bat dena epailearen aurrean deklaratzen ari da, Elisa Mouilaa aktoreari sexu erasoa egitea egotzita. Epaitegira heldutakoan, adierazpen laburra egin die kazetariei: "Erabat konfiatzen dut justiziaren jardunean; errugabea naizela defendatzera nator".

Errejonek kazetari eta kamera ugari zituen zain Gaztela Plazako epaitegi atarian. Izan ere, auzia lehertu zenetik, desagertuta egon da Sumarren buruzagi ohia.

"Epaileari emango dizkiot eman beharreko azalpenak", erantsi du.

Aurrez, biktimak deklaratu du. Elisa Mouliaa aktorea adierazpenik egin gabe sartu da epaitegira. Hain justu, horrek eskatuta, epaileak protokoloa ezarri du —ohikoa, indarkeria matxista kasuetan— biek epaitegian elkar ez ikusteko.

Emakumezko aktoreak duela ia hiru hilabete salatu zuen politikaria, 2021ean pairatutako erasoak zirela eta.

Errejonek urriaren 24an politikagintza utzi zuela iragarri zuen. Aurretik, baina, haren kontrako salaketa anonimoak egin zituzten hainbat emakumek sare sozialetan.

Ohar bidez jakinarazi zuen Errejonek bere dimisioa, eta adierazpenean, egindakoa onartu ordez, politikagintzak fisikoki eta psikologikoki "higatu" zuela argudiatu zuen, eta "pertsonaren eta pertsonaiaren arteko kontraesanek" goia jo zutela.

Gau horretan bertan, politikariaren kontrako salaketa aurkeztu zuen Elisa Mouilaa aktoreak. Polizia-etxean aurkeztutako salaketaren arabera, Errejonek hiru aldiz egin zion eraso gau berean.

Aktoreak beste abokatu batekin egingo dio aurre prozesuari. Izan ere, hasieran aukeratutakoa amatasun bajan dago. Hain justu, egoera horrek hilabetez eten zuen auzia.