Gizartea
Sagardotegiak
Gure Zirkuak zabalduko du 2025eko txotx denboraldia
EITB Media
Ekitaldia urtarrilaren 15ean egingo dute Alorrenea sagardotegian. Ohiturari jarraiki, "Gure sagardo berria" esango dute Iker Galartzak eta Joseba Usabiagak sagardotegi boladari ekiteko.
-
"Gure zirkua heldu da" telebista saioaren argazkia. EITB Media
Gure Zirkua Euskal Herriko zirkuko kideei egokituko zaie aurten 2025eko txotx boladari ekitea, Sagardoaren Lurraldeak gaur jakinarazi duenez.
Urtero, uzta berriari ongietorria emateko ekitaldian aritzeko gonbidatu berezi bat aukeratzen du elkarteak. Aurtengo Sagardo Berriaren Eguna hilaren 15ean egingo dute Alorrenea sagardotegian (Astigarraga, Gipuzkoa).
Ohiturari jarraiki, "Gure sagardo berria" oihu eginda sagardo berria dastatuko dute Iker Galartzak, Joseba Usabiagak eta Gure Zirkuko gainerako kideek. Aurrez, sagarrondo bat landatuko dute Astigarragako Erribera Kulturguneko plazan.
Iritsi da aurtengo Sagardo Berriaren Eguneko gonbidatua nor izango den jakiteko unea:@GureZirkua|k irekiko du 2025eko txotx bolada urtarrilaren 15ean Alorrenea sagardotegian "Gure Sagardo Berria" esanda! Aldez aurretik, sagarrondoa landatuko du usadioari jarraituta ¿ pic.twitter.com/PTDix2yZNU
— Sagardoaren Lurraldea (@sagarlur) January 7, 2025
Gipuzkoako sagardotegiak duela hiru hamarkada hasi ziren ospatzen Sagardo Berriaren Eguna. Ordutik, uzta berriari ongietorria emateko ekitaldian Euskal Herriko pertsonaia ezagun asko izan dira ekitaldiko protagonista, hala nola Andoni Egaña bertsolaria, Joane Somarriba txirrindularia, Ainhoa Arteta sopranoa, Realeko gizonezko jokalariak, La Oreja de Van Gogh musika taldea eta Izaro abeslaria.