Itxi

Gizartea

MIGRAZIOA

Kanarieetara bi ontzitan zihoazen 110 pertsona erreskatatu ditu Itsas Salbamenduak Marokoko uretan

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Bestalde, Guardia Zibilak gazte migratzaile baten hilotza aurkitu du gaur Ceutan. Hegatsak eta neoprenoa zeramatzan soinean.

  • Itsas Salbamenduak hainbat migratzaile erreskatatu zituen atzo Lanzaroten

    Itsas Salbamenduak hainbat migratzaile erreskatatu zituen atzo Lanzaroten. Argazkia: EFE

Kanarietara bi ontzitan zihoazen 110 bat lagun —tartean 23 emakume eta 6-7 haur— erreskatatu ditu gaur, larunbata, Marokoko uretan, Espainiako Itsas Salbamenduak.

06:00ak orduko jaso dute abisua, inguru horretan nabigatzen ari zen itsasontzi batek ohartarazi baitie ataka larrian zeuden bi ontzi zituela aldamenean, laguntza eske.

Ontzi horiek, baina, Marokoko salbamendu taldeen esku dagoen zonalde batean zeuden. Horregatik, Itsas Salbamenduak Rabati eman dio egoeraren berri, eta handik gutxira laguntza bidaltzeko zailtasunak zituela argudiatuz, erreskateaz arduratzeko eskatu dio Espainiari Marokok.

09:40 aldera heldu da bertara erreskate taldea, eta ohartarazpena eman dien itsasontziko nabigatzaileei eskerrak eman, eta migratzaileak erreskatatzen hasi dira.

Gazte migratzaile baten gorpua aurkitu dute Ceutan

Guardia Zibilak, bestalde, gazte migratzaile baten hilotza aurkitu du gaur Ceutan. Hegatsak eta neoprenozko jantzia zeramatzan soinean.

Iaz 20 pertsonatik gora hil ziren horrela espainiar uretan.

Lehen ikerketen arabera, hildakoa 20 urteko magrebtar bat da.