Gizartea
Erasoa
Afrikar jatorriko bi emakumek eraso arrazista jasan izana salatu dute Baionan
EITB Media
Salaketaren arabera, hiru gizonek jipoitu egin zituzten eta piper gasa jaurti zieten. Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak astearte honetan egingo den elkarretaratzean parte hartzeko deia egin du.


Jatorri afrikarreko bi emakumek salaketa jarri dute Baionako gerdarmeen aurrean, eraso arrazista bat jasan dutela esanez. Salaketaren arabera, hiru gizonek kolpatu eta piper-gasa jaurti zieten abenduaren 26an autoz zihoazela izandako liskar batean.
Poliziak ikerketa abiatu du gertatutakoa argitzeko, eta Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak bihar, asteartea, 12:00etan Lapurdiko hiriburuko Merkatu plazan egingo den elkarretaratzean parte hartzeko deia egin du.
¿ Kasu! Eraso arrazista bat izan zen Baionan ostegun gauean. Gainera, azken asteetan hainbat pegatina faxista agertu dira.
— Kontseilu Sozialista Ipar EH (@Kontseilua_IEH) December 29, 2024
¿ Une agression raciste a eu lieu à Bayonne dans la nuit de jeudi à vendredi. De plus, des autocollants fascistes sont apparus ces dernières semaines. pic.twitter.com/eBavoBtFzy
Emakumeek aurkeztutako salaketaren arabera, biak autoan zihoazen beste ibilgailu bateko bidaiariekin, hiru gizonekin, desadostasuna izan zutenean. Aurrerago, gizon horiek kolpatu egin zituzten eta piper-gasarekin busti zituzten. Ondoren, konortea galdu zuten eta erasotzaileek ibilgailuaren giltzak lapurtu zizkieten.