Itxi

Gizartea

GABONETAKO LOTERIA

Sari potoloak ez du Euskal Herria bisitatu nahi izan, baina beste sariek 43 milioi euro utzi dituzte gurean

EITB MEDIA

Hirugarren sariak (11840) 20,4 milioi euro utzi ditu Bilbon, Miribilla auzoan, eta 11 Laudion (Araba). Bigarren sariak (40014) 3,750 milioi partitu ditu Gernikan, Leioan, Sestaon eta Getxon (Bizkaia). Beasainera ere joan da sari polit bat, 5 milioi euro utzi baititu 5. sarietako batek.

  • Gabonetako loteria dela eta, poza eta ospakizuna. Argazkia: EFE

    Gabonetako loteria dela eta, poza eta ospakizuna. Argazkia: EFE

Iaz ez bezala, aurten, gabonetako loteriaren lehen sariak (72480) iskin egin dio Euskal Herriari. Logroñon saldu dute oso-osorik, eta han hartu duenik ez bada, sari horri dagokion sosik ez da iritsiko euskal lurretara.

Hala ere, gainerako sariei esker, kopuru polit bat berreskuratu da Euskal Autonomia Erkidegoan eta zer edo zer iritsi da Nafarroara ere. Bigarren sariak (40014), hirugarrenak (11840), bi laugarren sarik (77768 eta 48020) eta bi bosgarren sarik (72853 eta 74778) ia 45 milioi euro utzi dituzte gurean. Kontuan izan behar da, dena dela, 219,4 milioi euro gastatu direla aurten EAEn eta Nafarroan, bi erkidegoak batuta; beraz, ez la laurdenera ere iritsi berreskuratu den dirua.

BIZKAIA

Datuak lurraldez lurralde aztertuta, Bizkaia izan da zorterik gehien izan duena (gehien jokatzen den lurraldea ere bada): bigarren sariaren zati batek (40014) serieko 1,125 milioi utzi ditu, hirugarren sariak (11840) 20 milioi ekarri ditu, bi laugarren sarietako serie batzuk (77768 eta 48020) eta bosgarren sarietako baten zati bat (72856) Leioan saldu da.

Sorgina Miribilla Bilboko administrazioak 20,4 milioi euro inguru banatu ditu 11840 zenbakiari esker, gehienak AltaFit gimnasioko erabiltzaileen artean.

Ibon Diaz, duela hiru urtetik administrazioko arduraduna, pozarren zegoen, lehen aldiz banatu baitu horrelako sari bat.

Bilbon, Santutxu auzoan, laugarren sari baten serie bat saldu da (77768). Gainera, Bilboko beste hainbat administraziotan ere zenbaki horren dezimo bat saldu dute: Ormaechean (Urkixo zumarkalea, 52), Iparragirre kaleko 48.enean dagoen 37. administrazioan eta Sabino Arana kaleko 38. administrazioan.

Gainera, Leioara ere iritsi da poza; izan ere, Artea merkataritza-guneko administrazioan bigarren sariaren serie oso bat saldu dute (40014), baita laugarren sari bat (48020) eta bosgarren bat (72853) ere. Guztira, 1,5 milioi baino gehiago banatu dituzte bertan: bigarren sariak 1,250 milioi euro utzi ditu, laugarrenak 200.000 euro eta bosgarrenak 600.000.

Bigarren saria (40014) Gernikan, Getxon eta Sestaon ere saldu da. Busturialdeko udalerrian, Artekale kaleko 1. administrazioak serie bat saldu du, hau da, 1,250 milioi banatu ditu; Sestaoko Vicente Blasco Ibañez kaleko 6. administrazioak zenbaki saridunaren 9 dezimo saldu ditu (ia 1,2 milioi), eta Getxoko Areeta auzoko 3. administrazioak dezimo bat saldu du.

Azkenik, laugarren sarietako batek (77768) dirua utzi du Barakaldon, Areatzan eta Basaurin ere.

ARABA

Araban, hirugarren sariak (11840) diru kopuru ederra utzi du Laudion: 11 milioi euro. Beste sari batek Gasteizen ere utzi du zerbait.

Laudion, hirugarren sariko 21 serie saldu dituzte Araba kaleko estankoan. Asier Cerrillo, jabea, oso pozik agertu da, oso banatuta baitago bezeroen artean.

Arabako hiriburuan, berriz, laugarren sarietako baten zati bat saldu da (77768) Zabalgana auzoko Leclerc merkataritza-gunean.

GIPUZKOA

Gipuzkoa izan da EAEko lurraldeen artean ditu gutxien berreskuratu duena gaurko zozketan. Nolanahi ere, Goierrin milioi batzuk jasoko dituzte, Beasainen gehienbat; izan ere, bosgarren sarietako batek (74778) 5,4 milioi utzi ditu bertan. Zenbaki horren 90 serie saldu dira administrazio batean. Sari hori Zumarragan, Irunen, Legazpin eta Donostian ere banatu da.

Bestalde, hirugarren sariaren zati bat ere iritsi da Garagartzara, Pasaia Antxora eta Mendarora 11840 zenbakiari esker. Azken bi herri horietan 300.000 euro banatu dituzte bakoitzean.

Gainera, 60.000 euroko dezimo bat saldu da Donostian eta beste bat Hernanin. Laugarren sariak utzi du diru hori, 77768 zenbakiak.

NAFARROA

Nafarrek, batez beste, 53na euro jokatu dituzte, eta hirugarren sari batek eta laugarren batek diru pixka bat eraman dute bueltan Foru Erkidegora.

Nafarroara iritsi den lehen zenbaki saritua 11840 izan da, Iruñean, Zangozan, Altsasun eta Cordovillan ere saldu baita hirugarren saria. Zatirik handiena Zangozara joan da, bertan 10 serie saldu baitira, 500.000 euro guztira.

Altsasuko 2. administrazioan, zozketaren poza eta tristura bizi izan dituzte. Batetik, hirugarren sari bat banatu dute, baina, bestetik, saldu ez duten laugarren sari baten serie oso bat itzuli dute.

Azkenik, Cordovillan, La Moreako administrazioak bi sari banatu ditu: hirugarren sari bat eta 77768 zenbakiaren bi laugarren sari saldu dituzte. Hirugarren sariaren irabazleak 50.000 euro eskuratu ditu eta laugarren saria dutenek 20.000 euro bakoitzak. Zenbaki hori bera Lodosan eta San Adrianen ere saldu da.

Azkenik, Mendabian eta Iruñean hirugarren bosgarren sariaren (74778) hiru dezimo ere saldu dira; 6.000 euro jasoko ditu bakoitzak. Mendabiako Geltoki kaleko 5. zenbakian dagoen establezimenduak bi dezimo saldu ditu, eta Iruñeko Barañain etorbideko 52. zenbakian dagoen lokal batean, berriz, beste bat saldu dute.