Gizartea
EGURALDIA
Gabonak heze hasiko dira, baina Eguberri egunean atertu eta ostarteak nagusituko dira
eitb media
Tenperaturak freskoak izango dira, ipar-haizearen eraginez, eta maximoak ez dira 15etik igaroko kasurik beroenean.
-
Gabonak Gasteizen. Argazkia: EFE
Euskalmetek giro hezea iragarri du datozen egunetarako, baina hilaren 24an, Gabon egunean, orduek aurrera egin ahala hobera egingo duela, eta Eguberri egunetik aurrera giro egonkor eta argia izango dugula aurreikusi du.
Euskalmeten arabera, litekeena da abenduaren 24an zerua nahiko estalita egotea, batez ere isurialde atlantikoan. Euri pixka bat ere egingo du, batez ere ipar partean, baina orduak igaro ahala atertu egingo du. Haizea iparraldetik ibiliko da, leku batzuetan biziago. Tenperaturei dagokienez, aldaketa handirik ez da izango, eta tenperatura minimoak 5 eta 10 ºC artean ibiliko dira, eta maximoak 10 eta 15 ºC artean.
Hilaren 25ean ere, ipar haizea nagusituko da, baina indarra galtzen joango da. Hodeitza ere arintzen joango da pixkanaka, eta ostarte zabalak izango dira hegoaldean. Euria egiteko probabilitatea desagertu egingo da, eta eguraldi lehorra eta argiagoa izango dugu. Tenperaturek ez dute aldaketa handirik izango.
Kontsulta ezazu eguraldiaren iragarpena, eta bidali zure argazkiak eta bideoak.