Itxi

Gizartea

atxiloketa

Txutxi Athleticeko jokalari ohia atxilotu dute, narkotrafikoagatik zigortu eta ihesean 10 urte eman ostean

Agentziak | EITB Media

1995-1996 denboraldian lehen taldeko atzelaria izandakoari bederatzi urteko kartzela zigorra ezarri zioten 2014an ia 1.000 kilo kokaina Espainiako Estatuan sartzeagatik. Ordutik, ez dute haren berri izan, harik eta Cadizen ohiko polizia kontrol batean gelditu eta identifikatu duten arte.

Jesus Emilio Diez de Mier Txutxi Athleticeko jokalari ohia atxilotu du Espainiako Poliziak El Puerto de Santa Maria (Cadiz) herrian, Poliziak jakinarazi duenez. Txutxi ihesean zegoen Auzitegi Nazionalak narkotrafikoagatik zigortu zuenetik, 2014tik.

Jokalari bizkaitarra talde zuri-gorriaren harrobian hazi zen, eta lehen taldearekin 10 bat partida jokatu zituen Ligan, 1995-1996 denboraldian.

Poliziak ohar batean azaldu duenez, jokalari izandakoa abenduaren 15ean atxilotu zuten Cadizko kale batean ohiko kontrol bat egiten ari ziren agenteek. Dokumentazioa eskatzean susmo txarra hartu zioten, emandako datuak faltsuak zirelakoan. Polizia etxera eraman zutenean identifikatu ahal izan zuten.

Auzitegi Nazionalak bederatzi urteko kartzela zigorra ezarri zion Txutxiri, Espainiako Estatuan 950 kilo kokaina sartzea egotzita.

Epaiaren arabera, gizona gaizkile talde bateko kide zen —beste bi jokalari ohi ere auzipetu zituzten, 5-12 urteko espetxealdia ezarrita—. Frogatutzat jo zuten taldeak kokaina kopuru handia (950 kilo) ekarri zuela Argentinatik bi kontenedoretan. 2008 eta 2009 urteen artean Algeciras eta Valentziako portuetara heldu zen droga. Atzemandako drogak 32 milioi euroko balioa zeukan merkatu beltzean.

Txutxi kartzelan dago jada ezarritako zigorra betetzen.