Itxi

Gizartea

OSAKIDETZA

Osasun publikoaren aldeko herri plataformek manifestazioak deitu dituzte otsailaren 1erako

EITB MEDIA

OPA Herri Plataformak adierazi du osasun sistema publikoaren "desegitea" gelditzeko erantzun "bateratua" eman behar dela. Hori dela eta, hurrengo asteotan eragile sozial, sindikal eta politikoen ahalik eta atxikimendu gehien batzen saiatuko dira, manifestazio deialdirekin bat egiteko.

  • OPA Herri Plataformak taldeko ordezkariak, gaur, Barakaldon. Argazkia: EITB Media

    OPA Herri Plataformak taldeko ordezkariak, gaur, Barakaldon. Argazkia: EITB Media

OPA Herri Plataformak osasun publikoaren aldeko herri plataformak biltzen dituen koordinakundeak manifestazioa deitu du datorren urteko otsailaren 1erako EAEko hiru hiriburuetan, 'Osasun publikoaren defentsan promesa gehiagorik ez, konponbide errealak orain' goiburupean.

Barakaldon, Gurutzetako Ospitalearen atarian egindako agerraldian iragarri dute protesta. Bertan esan dutenez, "osasun eskubidea arrisku larrian dago, Jaurlaritzak osasun sistema publikoa desegiteko estrategiarekin jarraitzen duelako". Besteak beste, "sistema pribatizatzen" ari direla salatu dute, "herritarren osasuna" eta "langileen baldintzak" kaltetuz. "Bereziki kritikoa da lehen mailako osasun arretaren egoera: ordutegi murrizketak, mediku falta, zentroen itxiera eta gehiegizko lan-kargak", erantsi dute.

Ildo horretan, ezinbestekotzat jo dute "osasun sistema publikoa eraldatzea", eta horretarako, "aurrekontua biderkatzea" eskatu dute. OPA Herri Plataformak koordinakundearen iritzian, "Osakidetzaren finantzazio eskasa izan da sistemaren narriaduraren arrazoi nagusia". 

"2025erako aurrekontuan ez da igoera hori aurreikusten. Lehendakariak igoera 5.000 milioi eurotik gorakoa dela esaten badu ere, errealitatean pisua galtzen ari da, aurrekontu globala eta BPG kontuan hartuta. Oso urruti dago antzeko erosahalmena duten herrialdeekin alderatuta", azaldu dute.

Gauzak horrela, "osasun sistema publikoaren "desegitea" gelditzeko, plataformen ustez, beharrezkoa da "modu bateratuan" erantzutea. Hurrengo asteotan eragile sozial, sindikal eta politikoen ahalik eta atxikimendu gehien batzen saiatuko direla jakinarazi dute, manifestazio deialdirekin bat egin dezaten.