Itxi

Gizartea

Indarkeria matxista

Dominique Pelicotek gainerako akusatuak seinalatu ditu, eta epaileek ostegunean hartuko dute erabakia

Agentziak | EITB Media

51 akusatuek azken hitza hartzeko aukera izan dute, eta Avignongo Auzitegiko presidenteak amaitu du eztabaida hasteko saio laburra. Epai historikoa ostegunean ematea espero da.

  • Munduko ikur feminista bihurtu den Gisele Pelicot, epaiketaren azken saioaren ondotik. EFE

    Munduko ikur feminista bihurtu den Gisele Pelicot, epaiketaren azken saioaren ondotik. EFE

Gisele Pelicot bortxatzea egotzita 51 gizon epaitzen ari den makroprozesuko auzitegiak gaur abiatu ditu eztabaidak, hiru hilabete eta erdiko iraupena izan duen epaiketaren ostean.

51 akusatuek gaur azken hitza hartzeko aukera izan dute. Ondoren, Roger Arata Avignongo (Frantziako hego-ekialdea) Auzitegiko presidenteak saio laburra amaitutzat jo du, eta epaia emateko eztabaida abiatu.

Epai historikoa ostegunean ematea espero da, 09:30etik aurrera (08:30ean, Euskal Herrian). Auzia akusatu kopuruagatik eta epaitzen diren gertakariengatik da historikoa: hamarkada batean zehar milaka argazki eta bideotan jasotako dozenaka bortxaketa; 200 inguru, 72 urteko Gisele Pelicot biktimaren arabera.

Azken hitza hartu du Dominique Pelicotek, 2011tik 2020ra Gisele Pelicot emazteari sexu-erasoak egiteagatik epaituak, eta bere errua aitortu du berriro, baina, aldi berean, gainerako 50 akusatuak seinalatu ditu.

"Hemen dauden guztiak, errugabetasun-presuntzioa gorabehera, errudunak dira, ni bezainbeste", adierazi du Dominique Pelicotek gaur. Emaztea behin eta berriz utzi zuen konorterik gabe, antsiolitiko dosi handiak emanda, sexu-erasoak egiteko, hiltzeko arriskuan jartzeraino.

Gisele Pelicotentzat justizia eskatzen duen pintada bat, Avignonen. Argazkia: EFE

Gisele Pelicotentzat justizia eskatzen duen pintada bat, Avignonen. Argazkia: EFE

Bestalde, Dominique Pelicotek emazte ohiak epaiketan erakutsi duen "adorea" azpimarratu du, eta barkamena eskatu dio berriro Jean-Pierre Marechalen —gainerako 50 akusatuetako baten— bikotekideari, hari ere hainbatetan eraso egin ziolako.

Dominique Pelicoten ostean Marechalek berak hartu du hitza, eta egozten zaizkion gertakariak aitortu ditu: "Egin dudanagatik eta naizenagatik epaitu nazazue", eskatu du.

Gero gainerako akusatuen txanda izan da. Gehienek ez dute deklaratu nahi izan, baina batzuek epaiketaren bilakaera eta abokatuen lana eskertu dute. Beste batzuek barkamena eskatu nahi izan diote biktimari.

Gertatutakoa ukatu duenik ere egon da, nahiz eta Dominique Pelicotek milaka argazki eta bideo egin zituen delituak egiten ari zirela, hori baita epaiketa honen froga nagusia. "Ez naiz bortxatzailea", esan du horietako batek.

Prozesu osoan zehar, Gisele Pelicot feminismoaren ikur bihurtu da mundu osoan, epaiketa publikoa izatea erabaki duelako eta saio guztietara joan delako, "lotsa aldez alda dadin".