Itxi

Gizartea

SETENTZIA

Errugabe jo dituzte ikaskide bati eskola-jazarpena egiteagatik epaitutako Zumarragako 11 adingabeak

EITB MEDIA

Epailearen arabera, ez da frogatuta geratu epaitutako adingabeek jazarpena egin ziotenik ikaskideari eta, ondorioz, haren osotasun morala kaltetu zutenik. Epaia ez da behin betikoa, eta helegitea jartzeko aukera dago.

  • Donostiako Justizia Auzitegia. Artxiboko irudia.

    Donostiako Justizia Auzitegia. Artxiboko irudia.

Donostiako Adingabeen Auzitegiak errugabe jo ditu bere ikaskide bati eskola-jazarpena egiteagatik epaitutako Zumarragako eskola bateko 11 adingabeak. Biktimak zein Fiskaltzak osotasun moralaren kontrako delitua egotzi zien 14 eta 16 urteko gazteei —bederatzi mutil eta bi neska—.

Salatutako gertakariak 2021-2022 ikasturtean izan ziren, biktima DBHko bigarren mailan zegoela. Haren bertsioaren arabera, jasandako jazarpenak bere buruaz beste egiten saiatzera eraman zuen. Joan den ekainean egin zen epaiketa, eta gaur zabaldu da epaia. Bertan zehazten denez, ahozko epaiketan ez zen frogatuta geratu akusatuek biktimari jazarpena egin ziotela.

Epaiketan, Gipuzkoako Fiskaltzak auzipetutako nesketako baten kontrako akusazioa erretiratu egin zuen, eta gainerako hamarrak hamabi hilabetetan gizarte hezkuntzako lan-saioetara joan zitezen eskatu zuen, "gertatutakoaz jabetu eta gogoeta egin" zezaten. Akusazio partikularrak (biktimaren abokatuak), berriz, auzipetu bakoitza 34 hilabetetan formazio saioetara joan zedin eskatu zuen.

Epaileak iritzi dio biktimak salatutako mehatxuen eta jazarpen-ekintzen frogarik ez dagoela, eta, beraz, ezin dela baieztatu osotasun moralaren kontrako delitua egon denik.

Halaber, ebazpenaren arabera, biktimaren deklarazioaz gain, ez dago jazarpena egon zela berresten duen beste lekukotzarik. Horrez gain, salatzailearen beraren deklarazioan kontraesanak daudela ere badio epaileak.

Sententzia ez da behin betikoa eta Gipuzkoako Lurralde Auzitegian helegitea jartzeko aukera dago.