Itxi

Gizartea

BIZKAIA

Aske utzi dituzte Getxoko labankadengatik atxilotutako adingabeak, Fiskaltzaren aurrean deklaratu aurretik

agentziak | eitb media

Atxilotutako lau lagunetako hiru askatu dituzte; laugarrena, 20 urtekoa, ertzain-etxean dute, epailearen esku uzteko zain.

Larunbat goizaldean Getxon (Bizkaia) gizonezko bat labankadaz larri zauritzeagatik atxilotutako hiru adingabeak libre geratu dira, Fiskaltzaren aurrean deklaratzeko hitzorduaren zain. Laugarren atxilotuak, 20 urtekoak, ertzain-etxean jarraitzen du.

Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, bart utzi dituzte libre hiru adingabeak, euren legezko arduradunen esku. Bizkaiko Lurralde Auzitegiko Adingabeen Fiskaltzaren aurrean deklaratu beharko dute hitzordua ematen dietenean.

Bestalde, 20 urteko atxilotuak ertzain-etxean jarraitzen du, Getxoko guardiako epailearen esku uzteko zain.

Larunbat goizaldeko hirurak aldera izan zen gertakaria, Areeta auzoko Ibaigane kalean, metroko sarreraren inguruan.

Zenbait gazte borrokan hasi ziren, eta 23 urteko gizonezko bat sastatu zuten. Zauritua Gurutzetako Ospitalera eraman zuten, larri. Arma zuriz egindako zauriak zituen sorbaldan eta bizkarrean, eta labankada bat birikara iritsi zitzaion.

Biktima larri dago, baina egonkor, eta ez dago bizia galtzeko arriskuan.

Erasoaren ostean, ertzainak eta udaltzainak bertaratu ziren, eta lau pertsona atxilotu zituzten gertakariarekin lotuta, hiru adingabe tartean.

Ustez erasoan erabilitako labana trenbidean botata aurkitu zuten.