Gizartea
Gertaera
Lau atxilotu Getxon, hiru adin txikiko tartean, 23 urteko gizonezko bat labanaz larri zauritu ostean
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Areetako metro-geltokiaren inguruan atxilotu dituzte ustezko erasotzaileak, eta trenbidera botatako arma bat berreskuratu dute. Zauritua larri eraman dute Gurutzetako Ospitalera.
Getxoko Udaltzaingoak lau gazte atxilotu ditu larunbat goizaldean, hiru adin txikiko tartean, Areetan (Getxo) gizonezko gazte bat labanaz larri zauritu ostean.
Erasoa 03:00ak baino lehentxeago gertatu da, Ibaigane kalean, metroaren geltokiko sarbidetik gertu.
Getxoko Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi dutenez, zauritua lekuan bertan artatu dute lehenbizi eta Gurutzetako Ospitalera eraman dute ondoren, larri baina kontziente.
Biktimak arma zuriz egindako zauri bat zuen sorbaldan, eta beste bat bizkarrean, birika harrapatu diona.
Erasoa gertatu eta gutxira, Udaltzaingoaren agenteak Areetako metro-geltokiaren inguruan aurkitu dituzte ustezko erasotzaileak. Bertan atxiki dituzte, eta Ertzaintzak lau gizonezko atxilotu ditu ondoren, 20 urteko bat eta hiru adingabe, labankadarekin zerikusia izatea leporatuta. Atxilotuak ertzain-etxera eraman dituzte.
Ohar baten bidez, Amaia Agirre Getxoko alkateak jazotakoa gaitzetsi, eta "Getxo elkarbizitza baketsua ezaugarri izan duen udalerria" dela nabarmendu du.