Gizartea
UEMA
Euskara larrialdi linguistikotik ateratzeko "erantzukizun eta konpromisoa" berretsi du UEMAk
EITB Media
Urte amaierako batzar nagusia egin du UEMAk gaur goizean Zarautzen. 2024an egindakoaren balantzea egin eta 2025erako egitasmo nagusiak onartu dituzte. Gaurtik, gainera, Arano eta Lekunberri UEMAko kide dira eta 113 dira dagoeneko Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea osatzen duten herriak.
-
Arano eta Lekunberri, UEMAko kide berriak.
Euskarak bizi duen larrialdi linguistikoari aurre egiteko akuilu izatea jarri du 2025erako helburu nagusitzat UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak larunbat honetan Zarautzen egin duen urte amaierako batzarrean. 2024aren balantzea egin eta etorkizun hurbileko egitasmoak onartuta, euskarak behar duen olatu berria sortzeko "erantzukizuna eta konpromisoa" berretsi dute UEMA osatzen duten udalerri euskaldunetako 150 bat alkate eta zinegotzik.
Miren Segurola koordinatzaileak eta Martin Aramendi lehendakariak nabarmendu dutenez, "euskara larrialdi linguistikotik ateratzeko euskararen aldeko neurriak ezinbestekoak dira, eta jauzi handi bat egin norabide egokian". Udalerri euskaldunek jauzi handi hori irudikatzeko eta bide-erakusle izateko ardura dutela adierazi dute. "Erakunde publikoei eredu izatea dagokigu, eta euskarak behar duen olatu berri horretan ezin dugu ikusle hutsak izan. Lehen lerroan egoteko eta erakunde publiko handiagoetan eragiteko konpromiso sendoa daukagu UEMAko kide garen udalek, hizkuntza politikak batean eta bestean behar duen aldaketa benetakoa izan dadin", azaldu du.
Ildo horretan, euskalgintzarekin zein erakunde publikoekin duen harremana sendotzeko asmoa agertu du gaur UEMAk, eman behar diren pauso sendoen berme eta bidelagun izateko. "Ohiko lan-ildoei eusteaz gain, ahalegina biderkatuko dugu udalerri euskaldunak eta arnasguneak euskararen biziberritzean giltzarriak direla ikusarazteko". Besteak beste, 2025ean egitekoa den arnasguneei buruzko nazioarteko lehen topaketa ere aipatu du Segurolak.
2025era begira bi egitasmo zehatz aipatu dituzte. Batetik, UEMAk Plazara elkartearekin aurten sinatutako hitzarmenari esker, laster Ipar Euskal Herriko zenbait herriko etxerekin lankidetzari ekingo diote bi erakundeek, "arnasgunetze prozesuei ekiteko eta udalerri horietako euskal hiztunak ahalduntzeko".
Bestetik, euskarazko ikus-entzunezkoak zabaltzeko UEMAk eta EiTBk lehen aldiz sinatutako hitzarmenari esker, datorren urtean UEMAko kide diren udalek Primeran plataformako eduki zehatzak areto publikoetan eskaintzeko aukera izango dute, beti ere 3.000 biztanletik beherako herrietan.
Mankomunitatera gehitzeko herri berriek egindako eskaerak ere onartu dituzte batzarkideek. Horrela, gaurtik aurrera, Arano eta Lekunberri ere UEMAko kide dira. Zehazki, 113 udalek osatzen dute orain UEMA, guztien artean 348.000 biztanleko lurgune euskalduna osatuz.
2024, urte emankorra
Datorren urterako egitasmoen berri eman aurretik amaitzear den urtean egindako zenbait lan nabarmendu ditu Segurolak.
Herritarren sentsibilizazion eta ahalduntzean eragiteko egindakoen artean, batez ere milaka lagunengana iritsi diren bi ekimen azpimarratu ditu, Bizkarsoro filma UEMAko herrietan eta ikastetxeetan eskaintzeko banatzailearekin eta ekoizlearekin sinatutako hitzarmena, eta Iñaki Iurrebesok, euskararen egoera ulertzeko adierazle berriak ezagutaraziz, herriz herri emandako dozenaka hitzaldiak.
Hedatu hezkuntza proiektuaren baitan, berriz, UEMAko teknikariek ikasle, hezitzaile eta gurasoekin herriz herri egindako ehunka saioak aipatu dituzte.
Euskara eta kulturartekotasuna uztartzeko lanean nabarmendu dutenez, 2021ean Zaldibian abiarazitako egitasmoa 29 herritara zabaldu du UEMAk dagoeneko, zehazki 11 herri berritara iritsi da ikasturte honetan. Horrez gain, herriek eta eskolek egitasmoa modu autonomoan lantzeko behar dituzten baliabideak ere sortu ditu aurten UEMAk.
2024 urtean, gainera, sei udal berri gehitu dira UEMAra, 70 udalen erabilera planak egin ditu, herritar berrientzako 23 harrera protokolo abiarazi ditu, edota zerbitzu sektorean euskararen garrantzia nabarmentzeko kanpainak egin dituzte 80 herritan.