Itxi

Gizartea

Matxismoa

Bilboko Urretxindorra Ikastolako hainbat ikasle ohik sexu-jazarpena leporatu diote irakasle bati

EITB MEDIA

Hainbat emakumek modu anonimoan eman dute beren testigantza, baina guztiak bat datoz irakasle bati sexu-jazarpenak leporatzean. Ikastolak komunikatu baten bidez jakinarazi du eskura duen informazio guztia Hezkuntza Sailari helarazi diola.

  • Irudia: Irekia

    Irudia: Irekia

Hainbat emakumek Bilboko Urretxindorra Ikastolako irakasle baten sexu jazarpena salatu dute sare sozialetan. Bertako ikasleak zirenean izan ziren gertakariak, eta zuzendaritzari etengabeko eraso eta gehiegikerien berri eman bazioten ere, irakasle horrek bertan lan egiten jarraitzen duela deitoratu dute.

Salaketak Instagrameko Denuncias Euskal Herria izeneko profilean egin dituzte. Testigantzen arabera, irakasleak 10 eta 17 urte bitarteko hainbat neska jazartzen zituen behin eta berriz, sexu-iruzkinak egiten zizkien eta sexualizatu egiten zituen, inoren aurrean ezkutatu gabe, "inpunitate osoz".

Gainera, batzuek salatu dute zuzendaritzari erasoen berri eman ziotela, baina zuzendaritzak ez ziela jaramonik egin eta ez zuela inolako neurririk hartu irakaslearen aurka. Hala ere, sare sozialetan izandako iskanbilaren ondoren, Ikastolak gutun bat bidali dio hezkuntza-komunitateari, ikastolako Organo Gorenari eta Hezkuntza Sailari eskura duten informazio guztia helarazi dietela eta hasiera-hasieratik lankidetzan aritu direla azaltzeko.

Urretxindorra Ikastolak bere komunikatuan azpimarratu duenez, sareetan argitaratutako testigantzak ez ditu zalantzan jartzen, eta bere komunitatean eragina duen gaia izanik, zentroak ikasleen ongizatea babesteko ordezkariak dituela gogoratu du. Bertan esan dutenaren arabera, zuzendaritza prest dago gaur egun komunitateko kide den edo aurretik komunitateko kide izan den edonork izan dezakeen edozein testigantza jasotzeko.