Itxi

Gizartea

Ertzaintza

Adingabeengan espezializatutako atala sortuko du Ertzaintzak, Fiskaltzak eskatu bezala

EITB Media

Bingen Zupiriak iragarri duenez, atala ikerketa kriminaleko dibisioan egongo da, eta Ertzaintzaren erreferentzia izango da Fiskaltzaren eta epaileen aurrean. Bere gain hartuko du adingabeak delitu larrien biktima edo egile diren kasuak ikertzea.

  • Bingen Zupiria, gaur Eusko Legebiltzarrean.

    Bingen Zupiria, gaur Eusko Legebiltzarrean.

Ertzaintzak adingabeetan espezializatutako atal bat sortuko du. Laster jarriko da martxan, eta bere gain hartuko du adingabeak delitu larrien biktima edo egile diren kasuak ikertzeko ardura.

Iragarpen horrekin erantzun dio Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak Alderdi Popularrak gaur Legebiltzarrean egin dion galderari. PPk Carmen Adan EAEko fiskal nagusiak duela hilabete egindako eskaerari buruz galdetu dio, zeinak "guztiz beharrezkotzat" jo zuen Ertzaintzak adingabe talde bat izatea, adin-talde horrek egindako delituek gora egin dutela-eta.

Sailburuak onartu du adingabeen talde bat sortzeko eskaera hori "behin baino gehiagotan" egin dutela Fiskaltzak eta Arartekoak, eta sailburuak iragarri duenez astelehen honetan bertan fiskalburuarekin bilera egin du, adingabeen talde horren sorreraren berri emateko hari.

Talde hau ikerketa kriminaleko dibisioan sartuta egongo da, eta Ertzaintzaren erreferentzia izango da Fiskaltzaren eta epaileen aurrean. Bere gain hartuko du adingabeak delitu larrien biktima edo egile diren kasuak ikertzea.

Orain talde hori sortuko den arren, sailburuak defendatu du Ertzaintzan egunero adingabeekin lan egiten duten agente guztiek dutela prestakuntza egokia beren lana egiteko, eta azpimarratu duenez berariazko atalak sor daitezke edo ez, "baina horrek ez du esan nahi orain arte Ertzaintzan jarduerak edo erantzukizunak alde batera utzi direnik".