Gizartea
75. edizioa
Bilboko San Tomas azokak 121 ekoizle eta 235 kaseta izango ditu
Agentziak | EITB Media
Gainera, Bisubi Fundazioak 4.500 babarrun errazio solidario prestatuko ditu putxeratan, eta bildutako dira Aspanovas, Gregorio Ybarra, Norai eta Koop SF 34 elkarteentzat izango da oso-osorik.
-
Bilboko San Tomas azoka, iaz. Argazkia: EFE
Abenduaren 21ean Areatzan egingo den Bilboko San Tomas azokaren 75. edizioak 121 ekoizle eta 235 kaseta izango ditu. Gainera, Bisubi Fundazioak 4.500 babarrun anoa solidario prestatuko ditu putxeratan, eta bildutako dirua Aspanovas, Gregorio Ybarra, Norai eta Koop SF 34 elkarteentzat izango da oso-osorik.
Nora Sarasola BBKko Gizarte Ekintzako zuzendariak, Asier Abaunza Bilboko Udaleko Hiri Plangintza, Proiektu Estrategiko eta Espazio Publikoko zinegotziak eta Laura Martin Bisubi Fundazioko presidenteak hitzorduaren xehetasunak eman dituzte gaur.
09:00etatik 20:00etara, Bilboko Areatzan eta inguruan 235 kaseta egongo dira, askotariko produktuekin. Bertan, txorizodun taloa eskainiko da. Tokiko produktuak 10 kategoriatan banatuta egongo dira: haragia eta deribatuak (9 ekoizle); kontserbak (15); frutak (4); barazkiak (10); esnea eta deribatuak (24); eztia (12); ogia eta pastelak (21); landareak (2); sagardoa eta txakolina (17); eta hainbat (7).
Horrez gain, BBKk ondo egindako lana aitortuko du berriro ere, fruta, barazki, gazta, ezti, ogi, txakolina, sagardo eta posturik onena sarituz.
BBKk, gainera, belaunaldien arteko erreleboa bultzatzen jarraituko du ekoizle gazteenaren sariarekin, emakume baserritarrari sari berezia emango dio eta ekoizle baten ibilbidea aitortuko du. Sariak urtarrilaren 31n BBK Aretoan egingo den zeremonian banatuko dira.
Elkartasuna
Aurten ere, Santo Tomas Azokak bere aurpegi solidarioena erakutsiko du Bisubi Fundazioaren eskutik, Gernikako 4.500 babarrun errazio su motelean prestatuko baititu. 4 euroren truke dastatu ahal izango dira Tinglados gunean eta i soberakina publikoari eskainiko zaio 8 eurotan tupper solidarioetan eta hirugarren sektoreko elkarteen artean banatuko da, Galdakaoko Boluntarioen Gizarte Elkartearen (GBGE) bitartez.
Bildutako euro bakoitza Bizkaian gizarteratzearen eta ongizatearen alde lan egiten duten elkarteei emango zaie. Oraingo honetan, lau elkarteri zuzenduta egongo da: minbizia duten haur eta nerabeen gurasoen Aspanovas Fundazioa; pertsona gorren inklusiorako Gregorio Ybarra elkartea; gizarteratzeko kulturarteko Norai elkartea; eta Koop SF 34, San Frantzisko auzoan dagoen izaera sozialeko mikroenpresen mintegia.