Itxi

Gizartea

Eguraldia

Hotza eta izotza izango dira hurrengo egunetako protagonistak

EITB Media

Gaur are gehiago jaitsiko dira termometroak, eta ez dute inon 10 ºC-ko langa gaindituko. Tenperatura minimoei dagokienez, baxuak izango dira barnealdean: Gasteizen eta Iruñean 0 ºC-ren bueltan izango dira, eta hotzenak egunaren amaieran erregistratuko dira.

  • Elurra Korosti mendian (Gipuzkoa). Argazkia: Beñat Ayerbe

    Elurra Korosti mendian (Gipuzkoa). Argazkia: Beñat Ayerbe

Ia aterrunerik gabe izan gara asteburuan, baina hurrengo orduetan zaparradak tartekatuagoak eta urriagoak izango dira. Hori horrela, hotza eta elurra izango ditugu hizpide hurrengo egunetan, Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak egindako iragarpenaren arabera. 

Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak euriteengatik ezarritako alerta laranja bertan behera utzi du. Elurragatik barnealdean ezarritako abisu horia, baina, luzatu egin du Jaurlaritzak, eta gaurko 18:00ak arte egongo da aktibo.

Gaur, behera egingo du elur mailak, eta 600-800 metroan kokatu. Dena den, oraingoan ere, 1.000 metroan baino ez da espero geruza zuria (0-5 cm). Asteazkenean, apur bat gorago egongo da kota, 700-1.000 m (abisurik ez da ezarri egun horretarako, oraingoz). 

Hotzetik jarraituko dute hurrengo egunek. Gaur are gehiago jaitsiko dira termometroak, eta ez dute inon 10 ºC-ko langa gaindituko.

Tenperatura minimoei dagokienez, baxuak izango dira barnealdean: Gasteizen eta Iruñean 0 ºC-ren bueltan izango dira, eta hotzenak egunaren amaieran erregistratuko dira. Hala, Araban eta Nafarroan izotza egin dezake.

Segurtasun Sailak abisu horia ezarri du astearterako, muturreko tenperatura baxuengatik eta izotzagatik Araban (18:00-24:00). Aemetek ere abisupean jarri ditu Pirinioak, tenperatura hotzenak zeroz azpitik 6 gradukoak izan ahal baitira han. 

Asteazkenean mendi inguruetan eta Araba zein Nafarroako zenbait tokitan izotza egin dezake berriro ere.