Gizartea
INDARKERIA MATXISTA
Gazte bat atxilotu dute bikotekideari eraso egitea egotzita, Lezon
EITB MEDIA
Bihar, asteartea, elkarretaratzea deitu dute gertatutakoa gaitzesteko, arratsaldeko 19:00etan, Lezo-Errenteriako Renferen geltokian.
Ertzaintzak 23 urteko gazte bat atxilotu du genero-indarkeriako delitu bat egotzita, bikotekideari eraso egin ostean, Lezon (Gipuzkoa), Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Erasoa larunbatean gertatu zen, 18:30ean, Lezoko kale batean, baina ustezko erasotzailea Errenterian aurkitu eta atxilotu zuten minutu batzuk geroago. 23 urteko gazte bat da atxilotua eta Ertzaintzaren polizia-etxean gaua eman ondotik, epailearen esku utzi zuten atzo.
Errenteriako Udalak "erabat gaitzetsi" ditu gertakariok eta "eraso matxisten aurrean zero tolerantzia" eskatu du. Udalak adierazi duenez, horrelako gertaerek "ez dute lekurik gure gizartean", eta indarkeria matxistaren aurka borrokatzen jarraitzeko konpromisoa hartu du.
Era berean, Udalak herritarrei, "batez ere gizonei", gonbidapena egin die "beren portaerak eta jarrerak berrikus ditzaten" eta edozein erasoren aurrean esku har dezaten.
Gainera, Lezoko Udalak "emakumeen aurkako indarkeria" eta gertatutakoa irmo gaitzetsi ditu.
Hala, Lezoko eta Errenteriako udalek bat egin dute erakunde feministek bihar, asteartea, Renferen Lezo-Errenteriako geltokian deitutako elkarretaratzearekin eta herritarrei dei egin die protestan parte hartzeko.