Itxi

Gizartea

OHARTARAZPENA

Uholde planaren 1. gradua aktibatu dute Iruñean eta ibilgailuak ibai ondotik kentzeko eskatu dute

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Arrisku gehien duten eremuak Corralillos, Parque Runa, Igeriketa eta Magdalena dira. Gainera, ibai ertzetatik gertu ez paseatzea gomendatzen da, badaezpada.

  • Arga Iruñea parean. Argazkia: @PamplonaIrunaPM

    Arga Iruñea parean. Argazkia: @PamplonaIrunaPM

Iruñeko Udalak uholdeetarako larrialdi-planaren 1. maila aktibatu du, eta ibilgailuak urpean gera daitezkeen eremuetatik erretiratzeko eskatu du, Iruñetik barna doazen ibaien emaria igotzen ari dela ikusita. Hauek dira gune arriskutsuenak: Corralillos, Runa parkea, Igeriketa eta Magdalena.

Udaltzaingoak, gainera, ibaien ertzetatik gertu ez paseatzeko gomendatu du, badaezpada.

Aemetek abisu horia ezarri du gaur Nafarroan prezipitazio handiengatik, eta alerta gorria dago Pirinioetan, elurragatik.

Atzo arratsaldean, larrialdi planaren maila baxuena aktibatu zuten euriteengatik eta ibaien emariaren gorakadagatik, eta Igeriketa klubaren ondoko pasabideetatik igarotzea debekatu zuten.

Geroztik, ibilgua zaintzen aritu dira. Izan ere, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak Ega, Arga eta Irati ibaien emariak nabarmen handitzea aurreikusi zuen igande honetarako Nafarroan, eta ezohiko emariak izan daitezke zenbait kasutan.

Nafarroan ez ezik, beste hainbat lekutan ere ari dira ibaien ur-goraldia zaintzen. Atzo, Getxoko Udalak krisi-mahaia bildu zuen, prezipitazio handiengatik ezarritako alerta laranjaren aurrean. Udalak adierazi zuen beharrezkoa dela ibilgailuak urak gainezka egin daitezkeen eremuetatik kentzea eta autoz joan-etorriak saihestea. Bilboko Udalak gomendio bera egin zuen.