Itxi

Gizartea

ALERTA METEOROLOGIKOAK

514 gorabehera baino gehiago izan dira euriagatik eta haizeagatik EAEn

EITB MEDIA

Alerta laranja ezarri dute euriteengatik euskal kostaldean, eta kateak behar dira Herrerako mendatean elurraren ondorioz. Nafarroan, Iruñeko ibaiak zaintzen ari dira uholde arriskuagatik, eta Pirinioak alerta gorrian daude elurragatik. Iparraldean ere, alerta laranja ezarri dute arrazoi beragatik.

0:35

Eguraldi makurra izaten ari gara asteburuan Euskal Herrian. Alerta laranja dago indarrean Euskal Autonomia Erkidegoan astelehen eguerdira arte, eurite handiak izango omen direlako, eta alerta laranja aktibatu dute nabigaziorako ere, olatu handiak egotea aurreikusi baita.

Zerua estalita dago goizean goizetik, eta euri zaparrada gogorrak izaten ari dira. Trumoi-ekaitzak eta txingorra ere izan dira han-hemenka, eta ipar-mendebaldeko haize zakarrak gogor astindu ditu bazterrak. 800-1.000 metro inguruan dago elur-kota, eta baxuago ere bota du zenbait gainetan.

Egoera meteorologiko konplexu honek dozenaka arazo sortu ditu azken orduetan.

130 km/h-ko haize-ufadak neurtu dituzte Zarautzen, eta metro koadroko 62,7 litro ur bildu dituzte, adibidez, Mallabin, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez. Gainera, 127 km/h-ko haize-boladak izan dira Oizen, 128koak Galean, 121ekoak Santa Klaran, 112koak Jaizkibelen, 111koak Higerren eta 107koak Miramonen.

Bestalde, lau hegaldi bertan behera geratu dira Hondarribiko aireportuan, haize zakarragatik.

Euriaz gain, 24:00ak arte, alerta laranja aktibatuta dago kostaldean. Sei metro inguruko olatuak izan daitezke, eta 5 metrora jaitsiko dira arratsalde-gau partean. Halaber, hondoko itsasoak 3-4 metroko olatuak altxatuko ditu.

Olatu handiak Donostian. Argazkia: EFE

Olatu handiak, Donostian. Argazkia: EFE

514 gertakari, haizeagatik

Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakinarazi du gauerditik 514 gertakari izan direla haizeak eraginda, bereziki zuhaitzak edo adarrak erori direlako.

Gauerditik 10:00ak arte, 177 gertakari zenbatu dituzte haizearekin lotuta: 116, Gipuzkoan; 57, Bizkaian eta 4, Araban. 10:00etatik 16:00etara, berriz, 259 gertakari gehiago izan dira.

Bilboko suhiltzaileek 55 esku-hartze egin dituzte

Bilboko suhiltzaileek 55 esku-hartze egin dituzte, larunbateko 12:00etatik igande arratsaldera arte, haizeteak eta euriak eraginda. Esku-hartze gehienak fatxadetako eta egituretako elementak erori direlako egin dituzte, eta hainbat zuhaitzak erori direlako.

Udalak adierazi du astelehen eta asteartean guardiak indartu egingo dituztela.

Donostiako parkeak eta Pasealeku Berria itxita

Donostiako Udalak parkeak itxi ditu. Carlos Garcia Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako zinegotziak azaldu duenez, astelehenean zuhaitzen egoeraren ebaluazioa egingo dute, parkeak berriro ireki aurretik segurtasuna bermatzeko.

Era berean, jakinarazi du Hiri Mantentze Arloko arduradunek igandean zuhaitzak erorita kaltetu diren bideak ireki nahi dituztela, eta astelehenean eta asteartean baztertu diren adarrak eta zuhaitzak kenduko dituztela.

Pasealeku Berria ere itxita dago larunbat arratsaldetik, eta horrela egongo da, gutxienez, astelehenera arte.

Gainera, Gabonetako Azokako postu gehienak ere itxi dituzte, baita atrakzioak ere.

Kateak Herreran, elurragatik

Euriak eta haize bortitzak eragindako arazoez gain, elurra hasi da Arabako mendi inguruetan, eta, ondorioz, Herrerako mendatean kateak erabili behar dira, eta kontuz gidatu beharra dago Barrerilla, Bernedo eta Urduña mendateetan.

Segurtasun Sailaren arabera, bigarren mailako errepide-sareko mendate guztiak daude irekita.

Elurra Orreagan. Argazkia: EFE

Elurra, Orreagan. Argazkia: EFE

Alarma gorria elurragatik Nafarroako Pirinioetan, eta alerta laranja Iparraldean

Nafarroan, alarma gorria ezarri dute elurragatik Pirinioetan, 40 zentimetro elur pilatuko direlakoan, 1.200 metrotik gora 24 orduan.

Hori horrela, Nafarroako Gobernuak elurra kentzeko 64 makina jarri ditu lanean hurrengo orduetarako.

Gainera, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak aurreikusi duenez, ur emaria nabarmen igoko da Zadorran (Araba), Egan, Argan eta Iratin (Nafarroa).

Agintariak Nafarroako ibaiak zaintzen ari dira, eta 20:00etatik aurrera izan daitezke arazo gehien. Iruñeko Udaltzaingoak X sare sozialaren bidez jakitera eman duenez, larrialdi planaren 1. fasea aktibatu du. Urak harrapa ditzakeen tokietatik autoak erretiratzeko eskatu dute eta ibaiertzetatik paseoan ez ibiltzeko gomendatu dute.

Frantziako Meteorologia Agentziak ere hainbat abisu aktibatu zituen larunbateko 15:00etatik igandeko gauerdira arte Iparralderako. Batzuk indargabetu dituzte jada, baina beste batzuk indarrean daude oraindik: abisu horia dago, adibidez, prezipitazio handiagatik igande osoan, eta abisu horia dago uholde arriskuagatik larunbat gauerditik igande gauerdira arte.

Gainera, alerta laranja aktibatuta dago larunbateko 20:00etatik asteleheneko gauerdira arte, elurra pilatu daitekeelako.

Iragarpena

Astelehenean, negu giroarekin jarraituko dugu. Egunaren lehen partean, zaparradak botatzen jarraituko du, eta baliteke trumoi-ekaitzak izatea goizaldean eta goizean goiz. Elur-mailak 800-1.000 metro inguruan jarraituko du, eta ekialdean zertxobait beherago egon daiteke. Arratsaldetik aurrera, zaparradak tartekatuagoak izango dira, baina bustitik jarraituko dugu. Tenperaturan ez da gorabehera handirik izango, eta mendi inguruetan izotza egin dezake berriro.

Asteartean, prezipitazio gutxiago espero da, baina giro hotzarekin jarraituko dugu. Iparraldeko haizea ibiliko da, aurreko egunetan baino indar gutxiagorekin. Zeruan hodei askorekin jarraituko dugu, batez ere iparraldean, eta Nafarroako hegoaldean ostarteak ikusiko ditugu. Zaparradak egiteko probabilitate handiena isurialde atlantikoan eta mendebaldean izango dugu, batez ere egunaren lehen partean; arratsaldetik aurrera, atertu egingo du edo oso noizbehinka botako du. Tenperatura maximoak 5-9 ºC-koak izango dira, eta minimoak egunaren amaieran izango dira. Baliteke azken orduan Araban eta Nafarroan izotza egitea. Elur-kota 700-900 metro inguruan kokatuko da.