Gizartea
EGURALDIA
Neguko bidezaintza planak aktibatu dituzte Hegoaldean, elur iragarpenak direla eta
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Neguko Bidezaintza Plana aktibatu du Eusko Jaurlaritzak EAEn, "jarraipen eta informazio fasean", eta Nafarroako Gobernuak elurra kentzeko 64 makina aktibatu ditu datozen orduetarako, Belaguako portua ixteaz gain.
-
Elurra kentzeko makina EITB Mediaren bideo batetik hartutako irudian.
Eusko Jaurlaritzak Neguko Bidezaintza Plana aktibatu du, "jarraipen eta informazio fasean", iragarpen meteorologikoak ikusita. Izan ere, alerta laranjan dago EAE larunbat eta igande honetan, itsasaldeko arriskuagatik eta igande eta astelehenerako aurreikusitako euriteengatik.
Abisu horia ezarri dute, gainera, larunbat honetan elurragatik, eta baliteke elur-kota 800-1.000 metrora jaistea egunaren azken orduetan. Igandean eta astelehenean ere, abisu horia izango da indarrean elurragatik, eta, iragarpenen arabera, elur-kota 800-1.000 metro inguruan koka daiteke bi egunetan, eta zertxobait beherago (700 metro inguruan) egon daiteke Arabako ekialdean.
Eusko Jaurlaritzak koordinatzen duen 2024-2025eko Neguko Bidezaintza Planak foru aldundietako eta autobideetako elurra kentzeko 215 makina (aurreko urtean baino 9 gehiago) aktibatzeko aukera jasotzen du; puntu estrategikoetan 7 garabi astun, pisu handiko ibilgailuak erretiratzeko, eta koordinazio- eta zaintza-lanetarako laguntza emango duten 130 ibilgailu tartean.
Gainera, Ertzaintzaren trafikoko lurralde unitateetako patruilak gehituko dira, eta horien kopurua handitu ahal izango da. Planak 28.500 tona gatz eta 775.000 litro gatzun erabili ahal izatea ere aurreikusten du.
Nafarroako Gobernuak elurra kentzeko 64 makina jarri ditu martxan
Bestalde, Nafarroako Gobernuko Herri Lan eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiak neguko bidezaintzako dispositiboa mobilizatu du Nafarroako errepideetan prebentzio-lanak egiteko. Hotz eta elur denboralearen alertaren arabera, elur-kota 800 metrora jaitsiko da egunaren amaieran, eta baliteke igandeko lehen orduetan jaisten jarraitzea.
Kontserbazio Zerbitzuak elurra kentzeko 31 makina aktibatu ditu larunbat honetako 18:00etatik 22:00etara inguru hauetan: Agoitz, Irurtzun, Lizarra, Mugairi, Iruñea, Tafalla eta Pirinioetako, Leitzarango, Sakanako eta Iparraldeko autobideetan.
Igande honetako 22:00etatik 06:00ak arte, 52 makina izango dira prest, eta igandeko 06:00etatik 12:00etara, elur-kota 700 metrora jaitsiko dela aurreikusita, elurra kentzeko 64 makina egongo dira aktibo, Foru Gobernuak jakitera eman duenez.
Foru Komunitateko errepideen azken orduko egoera ikus daiteke Incidenciascarreteras.navarra.es webgunean eta 848 423 500 telefono zenbakian.
Nafarroako Gobernuak herritarrei dei egin die beharrezko prebentzio-neurriak har ditzaten, eta denboraleak kaltetutako eremuetara joan-etorririk egin ez dezaten. Pirinioetan, adibidez, Belaguako mendatea itxi dute.