Itxi

Gizartea

Eguraldia

Ipar Euskal Herrian eragin nabarmena izango du Darragh ekaitzak, kostaldean zein Pirinioetan

EITB Media

Abisu hori eta laranjak indarrean izango dira larunbatean hasi eta, gutxienez, igande gauerdira arte, euri, haize, uholde eta elur arriskuagatik. Baionako Udalak, esaterako, gabon jaietako egitarauko hainbat ekitaldi bertan behera utzi ditu, prebentzio-neurri gisa.

  • Orhi mendia elurtuta, joan den martxoan. Argazkia: Iñigo Andreu Gastaminza.

    Orhi mendia elurtuta, joan den martxoan. Argazkia: Iñigo Andreu Gastaminza.

Frantzia iparraldean dagoen Darragh ekaitzaren ondorioz giro desatsegina izango da Ipar Euskal Herrian asteburuan, euri, haize eta hotz fronteak Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa ere harrapatuko baititu.

Kostaldean eta barnealdeko haranetan, euria eta haizea izango dira protagonistak, eta Pirinioetan, berriz, elurra.

Kontuan hartzeko hainbat abisu ezarri ditu Frantziako Meteorologia Agentziak, larunbateko 15:00etatik igande gauerdira arte gutxienez.

-Haizeagatiko abisu horia, larunbateko 10:00etatik igandeko 10:00etara.

-Prezipitazio handiengatik abisu horia, igande osoan zehar.

-Ekaitzengatik abisu horia, larunbateko 14:00etatik igandeko 16:00etara.

-Itsaso zakarragatiko abisu horia, larunbateko 15:00etatik igandeko 12:00etara.

-Uholde arriskuagatik abisu horia, larunbat gauerditik igande gauerdira gutxienez.

Pirinioak zurituko ditu elurrak

Pirinioetan, berriz, horiez gain, elurra izango da protagonista, eta elurra pilatzeko arriskuagatik abisu horia izango da indarrean larunbateko 16:00etatik 20:00etara, eta abisu hori laranja bihurtuko da larunbateko 20:00etan hasi eta astelehen gauerdira arte gutxienez.  

Larunbat goizean zehar, elur-maila jaisten joan da, eta 1.400 metro inguruan kokatu da eguerdirako. Larunbat arratsaldetik aurrera, are gehiago jaitsiko da elur-kota, 800 metroraino, eta 600 metroraino ere jaits daiteke haran batzuetan.

800 metrora 20-40 zentimetro elur pilatzea espero da; 1.200-1.400 metrora 70 zentimetro, baita metroa ere tokiren batean; eta 1.500 metrotik gora metro bat edo gehiago harrapatuko du elur geruzak, eta metro eta erdiko lodiera ere harrapa dezake tokiren batean.

Elurraren ondorioz, mendietan elur-jausiak izateko arriskua ere egongo da, eta, hori dela eta, abisu horia ezarri du Meteo Francek Pirinioetan egun osorako.

Prebentzio-neurriak

Kostaldean, itsasora ez ateratzeko eta itsasotik gertu tentuz ibiltzeko eskatu dute, euriteen edo olatu handien ondorioz bat-bateko ur igoerak gerta daitezkeelako.

Mendialdean ere, errepide nahiz etxebizitzetan arriskuak saihesteko neurriak hartzeko eskatu dute. 

Baionako Udalak, esaterako, neurriak hartu ditu, eta gaur egun osoan itxita egongo dira hiriko parke, lorategi eta hilerriak.

Halaber, gabonen bueltan antolatutako hainbat ekitaldi ere bertan behera geldituko dira; noria (larunbat nahiz igandean), Bizarzuriren desfileak (larunbat nahiz igandean), larunbateko su-festak eta artisauen azoka (larunbatean), baita igandeko Toromagia ekitaldiak ere. 

Tren zerbitzuan ere, eraginak

Frantziako SNCF tren konpainiak iragarri du Darragh ekaitzak ekarriko dituen haizete gogorren ondorioz, hainbat tren zerbitzu bertan behera geratuko direla abenduaren 7an egun osoz eta abenduaren 8an 13:00ak arte. Euskal Herriari dagokionez, Akize eta Hendaia arteko trenak eta Baiona eta Donibane Garazi eta Baiona eta Puyoo artekoak dira etengo dituztenak.