Gizartea
Osasuna
Gripearen txertoa hartzeko deia egin du Osakidetzak, gabon garaian zirkulazioa ugarituko dela aurreikusita
EITB Media
Gonbidapena herritar guztiei zuzenduta badago ere, bereziki arrisku taldeetan jarri du arreta Osakidetzak: 60 urtetik gorako pertsonak, gaixotasun kronikoren bat dutenak edo haurdun dauden emakumeak, osasun-profesionalez gain.
-
Emakume bat, txertatzen. EFE.
Osasun Sailak Arnasbideetako Infekzio Akutuen (AIA) inguruan egindako azken zaintza-txostenaren arabera, berriz ere areagotu da gripearen intzidentzia, zenbait astez gora egin ondoren. Gainera, abenduan eta urtarrilean, gabon garaia tartean dela, hazten jarraitzea aurreikusten da, orduan iritsi ohi baita intzidentzia-tasa handienera. Horregatik, Osasun Sailak eta Osakidetzak dei egin diete herritarrei gripearen kontrako txertoa jar dezaten.
Gonbidapena herritar guztiei zuzenduta badago ere, bereziki arrisku taldeetan jarri du arreta Osakidetzak, horiek baitira, birusa hartuz gero, konplikazio gehien izateko arriskua dutenak: 60 urtetik gorako pertsonak, gaixotasun kronikoren bat dutenak edo emakume haurdunak, osasun-profesionalez gain. Aurten, gainera, haurrengan ere jarri dute arreta, zaurgarriak izateaz gain, birusaren transmisore handiak direlako.
Abenduan txertaketa-kanpainak aktibo jarraitzen du; beraz, nahi duenak zita hartzeko aukera du, www.osakidetza.eus web orrialdean edo erreferentziako osasun-zentrora telefonoz deituta.
Segurtasun Sailak emandako datuen arabera, urriaren 7an kanpaina hasi zenetik, 498.944 txerto jarri dituzte, iazko aldi berean baino % 3,9 gehiago. Egoitzetan bizi diren pertsonen % 80k gripearen txertoa hartu du, eta gehienek COVIDaren aurkakoa ere hartu dute. Haurren txertaketa datuak ere, iazkoak baino hobeak dira; izan ere, 6 hilabete eta 5 urte bitarteko 19.620 haurrek hartu dute sudurreko txertoa, aurreko kanpainan baino % 34 gehiago.
Horrenbestez, Osasun Sailak eta Osakidetzak gogorarazi dutenez, txertoarekin ez ezik, gripea eta arnasbideetako beste gaixotasun batzuk (COVIDa kasu) prebenitu daitezke zenbait neurri hartuta, hala nola eskuak garbituz, jende-pilaketak saihestuz, espazio itxiak aireztatuz eta maskara erabiliz.