Gizartea
Bizkaia
Biosfera erreserba izendatu zutenetik 40 urtera, museoaren proiektuak eztabaidagune bihurtu du Urdaibai
EITB MEDIA
Guggenheim Museoaren proiektua Urdaibaira zabaltzeak dakartzan arriskuez ohartarazi du Greenpeacek. Horrekin batera, araudia aldatzeko eskatu du kostaldetik 100 metrora eraikitzeko neurria berreskuratzeko, 20 metroko tartea soilik gordetzea gutxiegi dela iritzita, ohar batean jakinarazi duenez.
-
Urdaibaiko biosfera. Argazkia: Irekia
Guggenheim Museoaren zabalkundeari buruzko eztabaida betean ospatuko du Urdaibaiko Biosfera Erreserbak 40. urtemuga.
Unescok MaB (Man and Biosphere) programan sartu zuen Urdaibai duela lau hamarkada, 1984ko abenduaren 6an Biosfera Erreserba izendatuta.
40 urte geroago, museoaren ibilbidea aztertu eta horren balorazio positiboa egin dute Miren Onaindia eta Ibone Ametzaga katedradunek, EHUko Garapen Jasangarriaren eta Ingurumen Hezkuntzaren Unesco Katedrako zuzendari ohiak eta jarduneko zuzendariak.
Biek ala biek azpimarratu dute ingurumenaren zaintzaren eta garapen ekonomiko eta sozial jasangarriaren arteko orekak eta harmoniak duten garrantzia.
70eko hamarkadako hirigintza proiektua
"Paduraren zati handi bat lehortzea proposatzen zuen orduko proiektuak, hondartza artifizialak eta etxebizitza ugari eraikitzeko asmoarekin", esan du Onaindia Ekologian katedradunak. Eusko Jaurlaritzak eskatutakoari men eginda, baina, Urdaibai Biosfera Erreserba izendatu zuen Unescok, eta "arrakasta" izan zen, Onaindia eta Ametzagaren hitzetan. "Elementu asko uztartu ziren horretarako", adierazi du lehenengoak.
Naturak bere artea egin dezala
Bestalde, Ibone Ametzagak nahiko luke naturak berak "bere artea" egitea Urdaibain, interesgarria iruditzen zaiolako ikustea nolako itxura hartzen duen errekak, nola aldatzen den ingurua...".
Greenpeacek salatu du Guggenheimek arriskuan jartzen duela babestutako eremua
Guggenheim Museoaren proiektua Urdaibaira zabaltzeak dakartzan arriskuez ohartarazi du Greenpeacek.
Horrekin batera, araudia aldatzeko eskatu du kostaldetik 100 metrora eraikitzeko neurria berreskuratzeko, 20 metroko tartea soilik gordetzea gutxiegi dela iritzita, ohar batean jakinarazi duenez.
Greenpeaceren ustez, proiektua ez litzateke aurrera atera beharko, nazioarte mailan babestutako eremu batean eraiki nahi dutelako museoa, edukiera aldetik mugak gainditu dituelako, eta Bizkaiko Foru Aldundia zatika ari delako aurkezten egitasmoa, ingurumen ikerketa estrategiko bat saiheste aldera.
Halaber, proiektu horretara diru publikorik ez bideratzeko, proiektua bera hasieratik amaierara ezagutzera emateko, prozesu parte-hartzaile bat gauzatzeko eta indarrean dauden legeak betetzeko eskatu du.