Itxi

Gizartea

Mugikorren erabilera

Pediatrek pantailak sei urtera arte debekatu eta 7-12 urte bitartean ordubetera mugatzea gomendatzen dute

Agentziak | EITB MEDIA

Espainiako Pediatria Elkarteak gai horri lotutako gomendioak eguneratu ditu eta, besteak beste, 13 eta 16 urte bitarteko nerabeek gailu digitaletan bi ordu baino gutxiago ematea gomendatzen du.

  • Pediatrek emandako gomendioen laburpena. Infografia: EITB MEDIA

    Pediatrek emandako gomendioen laburpena. Infografia: EITB MEDIA

Espainiako Pediatria Elkarteak haurren eta nerabeen artean pantailen erabilerari buruzko gomendioak eguneratu ditu ebidentzia zientifiko berrietan oinarrituta, eta, besteak beste, gailu digitalen erabilera sei urtera arte erabat debekatzeko eskatu du.

"Gaur egun inork ez du zalantzan jartzen hedabide digitalek osasunari eragiten diotela maila guztietan, eta edozein adinetan", baieztatu du Maria Salmeron elkarte horretako Osasun Digitaleko lantaldeko koordinatzaileak.

Hori dela eta, pediatrek nabarmendu dute pantailen gehiegizko erabilerak haurtzaroan eta nerabezaroan duen inpaktua "faktore anitzekoa" dela, hainbat arlotan eragiten baitu, hala nola loan, elikaduran, jarduera fisikoan, arrisku kardiobaskularrean, ikusmen-nekean eta garun-bolumenean. Horrek guztiak, azken finean, bizi-kalitatea murriztea dakar.

Azken azterlanek, halaber, neuro-garapenean hainbat adinetan izandako inpaktuak berresten dituzte. Adibidez, 1-4 urteko haurrak saritzeko edo distraitzeko telefono adimentsu bat erabiltzeak eragiten du lasaitzeko gailuak eskatzea eta, ukatzen bazaie, frustratzea; ondorioz, horrek zailtasunak sortzen dizkie autokudeaketa-estrategiak garatzeko.

Bitartean, nerabezaroan, baliabide digitalek garunaren eskualde linbikoaren aktibazioa areagotzen duten bitartean, aurrealdeko aktibitatea murrizten dutela ondorioztatu dute ikerketek. Gainera, pantailekin lotutako multiataza emaitza kognitibo okerragoekin, distrakzioak iragazteko gaitasuna gutxitzearekin eta inpultsibotasuna handitzearekin eta lan-memoria gutxitzearekin lotzen da.

Pantailarik ez sei urtera arte

Pediatrek gomendatzen dute pantailarik ez erabiltzea haurrek sei urte bete arte, ez baitago haientzako erabilpen-denbora segururik.

7 eta 12 urte bitartean, erabilera-denbora ordubetera mugatzea gomendatzen dute eta, 13 eta 16 urte bitarteko nerabeentzat, aldiz, bi ordu baino gutxiagora.