Gizartea
INDARKERIA MATXISTA
Indarkeria matxistari "ertz guztietatik irmo" aurre egiteko eskatu du Pasaiako Udalak
EITB MEDIA
Joan den larunbatean izandako hilketa matxistaren biktimari eta haren gertukoei laguntzeko hainbat elkartek egindako lana eskertu du Udalak, gaur zabaldutako adierazpen batean.
-
Hilketa matxista gaitzesteko, Pasaian atzo egindako elkarretaratzea. Argazkia: EFE
Pasaiako Udal Gobernuak —EH Bildu eta Podemos taldeek osatzen dute— bere "gaitzespena eta samina" berretsi ditu joan den larunbatean herrian izandako hilketa matxistaren aurrean. Zabaldutako oharrean, herritarrei dei egin die emakumeen kontrako indarkeriari "ertz guztietatik irmo" aurre egiteko.
Testuan zehaztu dutenez, Leonorren hilketak "arrasto sakona" utzi du Pasaian. Indarkeria mota hori "errotik" desagerrarazteko konpromisoa agertu du Udalak, eta eragile guztiei "arduraz eta errespetuz" jokatzeko eskatu die.
Halaber, "biktimaren anonimotasuna gordetzeko" eskatu ondoren, haren gertukoei "laguntzeko eta babesteko" hainbat elkartek egindako lana eskertu dute udal taldeek. "Beti, diskreziotik eta errespetutik", erantsi dute.
Leonor, 45 urteko emakumea, tiroz hil zuen ustez haren bikotekide ohiak, larunbatean. Epailearen aurrean deklaratu ondoren, espetxean dago gizonezkoa asteartetik.