Itxi

Gizartea

Abenduko zubia

510.000 joan-etorri aurreikusi dituzte asteburu luzerako eta giro makurrarekin erne gidatzeko eskatu dute

EITB MEDIA

Trafiko Zuzendaritzaren arabera, hiru izango dira, betiko moduan, zirkulazio handiena izango duten puntuak: A-8a, Kantabriarako noranzkoan; AP-8a, Ipar Euskal Herrirako bidean, eta Armiñongo lotunea (A-1ak eta AP-1ak bat egiten duten lekua).

  • Trafiko handia Txorierriko igarobidean

    Trafiko handia Txorierriko igarobidean. Argazkia: EITB Media

Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak 510.000 joan-etorri aurreikusi ditu abenduko sasi-zubirako eta kontuz gidatzeko eskatu die herritarrei, batez ere eguraldiaren iragarpena kontuan hartuta. 

Datozen jaiegunetan mugikortasuna areagotuko dela eta, Estibaliz Olabarri Trafiko zuzendariak "errepide-sarea erabiltzen duten guztiei arduratsuak izateko" dei egin die. Ohi bezala, hiru izango dira arretaguneak gaurtik igandera bitarte: A-8a, Bizkaia eta Araba arteko mugan; AP-8a, Gipuzkoa eta Lapurdiko mugan, eta Armiñongo lotunea Araban (AP-1 eta A-1 errepideak lotzen diren lekua).

Zehaztu duenez, A-8an, Kantabriarako noranzkoan, 200.000 joan-etorri aurreikusten dira, Iparralderantz 150.000, eta Armiñongo lotunean, 160.000. 

Iaz, Trafikoren dispositiboak iraun zuen sei egunetan (abenduaren 5etik 10era) Ertzaintzak 31 trafiko-istripu erregistratu zituen, eta bi pertsona larri zauritu ziren. Zorionez, ez zen inor hil.