Itxi

Gizartea

KONFERENTZIA SEKTORIALA

Melgosa, etsita adin txikiko migratzaileei buruzko Ministerioaren politikarekin: "Ez dago ezer atzean"

EITB Media

Espainiako Gazteria eta Haurren Ministerioak bilera egin du arratsaldean autonomia erkidegoekin, adin txikiko migranteen harrerari eta banaketari buruz hitz egiteko. Euskal erakundeek kontingentzia plana eskatu dute, baina sailburuak salatu du "banaketa soilik" jarri dutela mahai gainean.

  • Nerea Melgosa Haurren eta Nerabeen Konferentzia Sektorialaren ondoren.

    Nerea Melgosa Haurren eta Nerabeen Konferentzia Sektorialaren ondoren.

Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburua etsita agertu da Gazteria eta Haurtzaro Ministerioak Kanaria Uharteetan, Ceutan eta Melillan dauden adin txikiko migratzaileak artatzeko erakutsi duen politikarekin.

Astearte arratsaldean Ministerioak antolatutako Haurren eta Nerabeen Konferentzia Sektorialaren bileran hartu du parte sailburuak gainerako autonomia-erkidegoetako ordezkariekin batera eta, besteak beste, Kanaria Uharteetan, Melillan eta Ceutan dauden adingabeko migratzaileen buruz hitz egin dute. Gobernu Zentralak "mahai gainean jarri duen gauza bakarra" adingabeko horien "banaketa" dela salatu du. "Atzean ez dago bestelakorik", gaineratu du.

Euskal erakundeak aspaldidanik ari dira eskatzen Espainiako Estatura iristen diren pertsona migratzaileak artatzeko "memoria ekonomiko errealista eta gizarteratzeko jardueren plangintza" izango duen kontingentzia plan bat.

Euskadiren egoera gainerako autonomia erkidegoekin konparatuta aldea dagoela onartuagatik, Euskal Autonomia Erkidegoa "iparraldeko muga" izendatzea nahi du Eusko Jaurlaritzak eta horrekin batera euskal baliabideetara bideratutako diru kopurua handitzea. "Europarako irteera gara askorentzat; entzun gaitzatela merezi dugula uste dugu", esan du.

Melgosak azpimarratu duenez, Euskadik "ondo" eta "giza eskubideen ikuspegitik lan egin nahi du". Beraz, "banaketa soila egiteko prest ez" daudela esan behar izan dutela jakinarazi du.

Mahai gainean irtenbiderik jarri ez dutenez, sailburuak aurreratu du "beti bezala" lan egiten jarraituko dutela, dituzten neurri eta tresnekin.