Gizartea
Indarkeria matxista
Ertzaintzak eginbideak abiatu zituen 2021ean Leonorren ustezko hiltzailearen kontra, bigarrenez
EITB Media
Pasaian eraildako emakumeak 2020an salatu zuen bikotekidea, eta urruntze agindua ezarri zioten gizon matxistari. Handik urtebete eta erdira, 2021eko ekainean, atestatua zabaldu zuten gizonak urruntze agindua urratu zuela eta. Espedientea artxibatu egin zuten.
-
Hainbat ertzain, hilketa matxistaren lekuan. EFE
2021eko ekainean, Ertzaintzak eginbideak hasi zituen Leonorren ustezko hiltzailearen aurka, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak gaur jakitera eman duenez.
Antza denez, biktimaren oniritziarekin indarrean zuen urruntze-agindua urratu zuen gizon matxistak, biktimak tratu txarrengatik eta mehatxuengatik salatu baitzuen 2020ko urtarrilean. Ez dakite zergatik emakumeak ez zuen salaketarik jarri nahi izan bikotekide ohiaren aurka. Espedientea 2022ko urtarrilean artxibatu zen, biktimak azaldu baitzuen ez zela "eraso aipagarririk" izan. Hala ere, gizon horrek berak hil du Leonor ia hiru urte geroago.
Hain zuzen ere, Arartekoak "kasuaren eta inguruabarren berrikusketa zorrotz bat" egitea eskatu zuen atzo, ulertzeko zergatik, salaketak jarrita ere, ez den emakumea babestu eta, horrela, haren hilketa saihestu. Ildo beretik, Euskal Herriko Mugimendu Feministak ere kritikatu du indarkeria matxistaren aurkako protokoloak ez direla ondo funtzionatzen ari.
Gaiaz galdetuta, Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak jakinarazi du Emakunde eta Bekoz Beko Pasaiako elkarte feminista gaur arratsaldean bilduko direla, genero indarkeriari buruzko erakunde arteko protokoloaren esparruan, kasuaren prozedura instituzionalari buruzko azterketa egiteko.
Biktimak aipatutako elkartean laguntza eskatu zuen. Bekoz Beko elkartearen arduradunak deitoratu du, berriz ere, "sistema berandu iritsi dela". "Gizarte gisa huts egin dugu", esan zuten igandean egindako elkarretaratzean.