Gizartea
OSAKIDETZA
Emaginek salatu dute langileak falta direla eta eskualdearen zein hilabetearen arabera arreta aldatzen dela
AGENTZIAK | EITB MEDIA
10.000 emakumeko 3,81 emagin daude EAEn, Europako batez bestekoa 9,1ekoa izan arren. "Zergatik udan erditzen diren emakumeek ezin dute erditu ondorengo talderik eta edoskitze talderik izan? Eskubideak ez dira urtaroen araberakoak", salatu dute kolektiboaren ordezkariek.
-
Emagin bat haurdun dagoen emakume bat artatzen. EITB Mediaren bideo batetik hartutako irudia
Euskal Autonomia Erkidegoko emaginen kolektiboak Eusko Legebiltzarrean salatu duenez, Euskal Osasun Zerbitzuan ez dago profesional nahikorik, eta emakumeek jasotzen duten arreta alda daiteke urteko garaiaren eta dagokien osasun-eskualdearen arabera.
Nekane del Olmo eta Leire Ascargorta bozeramaileek agerraldia egin dute Legebiltzarreko batzordean, euren aldarrikapenen berri emateko.
Osasun Ituna erdietsita, Osakidetzaren egoera hobetzeko proposamenak aztertzen eta planteatzen ari diren une honetan, emaginek tamalgarritzat jo dute "emagin" hitza ia ez agertzea lan-dokumentuan, baita osasun arlo hori erizaintzaren barruan kokatua egotea ere, nahiz eta euren lana espezifikoa izan.
Ospitaleetan lan egiten duten emaginen izenean hitz egin du Nekane del Olmok, eta abiapuntu gisa salatu du kolektiboak ez duela ulertzen zergatik ez diren emagin gehiago formatzen, falta direla ikusita. Euskadin 10.000 emakumeko 3,81 emagin daude, eta Europan, berriz, 9,1ekoa da batez bestekoa.
Salatu du, halaber, Osakidetzako ospitaleetan ez dagoela emaginen inguruko politika komunik eta, hori dela eta, emakume guztiek ez dituztela aukera berdinak. Izan ere, osasun-eskualdearen arabera, ratioa 10.000 emakumeko 1etik 3 emaginera aldatzen dela ohartarazi du.
Adierazi duenez, opor eta uda garaietan ez da arreta bera ematen, hilabete horietan ez baitira beti ordezkapenak egiten. "Oso zaila egiten zaigu behar bezala lan egitea langile falta eta ratioak eskuetatik joaten zaizkigunean", gaineratu du Del Olmok. Adibide gisa azaldu du erditze aurreko arreta ez dela berdina ospitale guztietan, eta esate baterako, Gurutzetan kendu egin da Ginekologia: "Ospitale batzuetan eskubideak beti berma ditzakegu, eta beste batzuetan ez", laburbildu du.
Ohartarazi duenez, egoera hori "ez dute serio hartzen ospitaleetako zuzendariek", eta horren ondorioz, "beharrezkoa ez den arriskupean jartzen dira emakumeak eta haurrak".
Emaginen protesta, aurtengo uztailean. EITB Mediako bideo batetik hartutako irudia
Leire Azkargortak, bere aldetik, Lehen Arretako emaginen izenean hitz egin du. Emagin horiek arduratzen dira, besteak beste, erditze aurreko prestakuntzaz, erditu ostekoaz, edoskitze garaiko laguntzaz, umetoki-lepoko minbiziaren prebentzioaz eta antisorgailuen orientazioaz. Arlo horietan guztietan arreta ez dela berdin ematen osasun-eskualde guztietan berretsi du honek ere, eta arreta ez dela bera urteko sasoi guztietan ere.
Gauzak horrela, ESI guztietan eta hilabete guztietan zerbitzu bera ematea eskatu du, emakume guztiek eskubide berdinak izan beharko lituzketela nabarmenduz. Hasteko, besteak beste, ordezkapen guztiak hasiera-hasieratik betetzeko eskatu du.
"Udan erditzen diren emakumeek zergatik ezin dute izan erditze ondoko talde bat eta edoskitze laguntzarako talde bat, adibidez? Eskubideak ez dira urtaroen araberakoak", ohartarazi du.
Lantaldea, laster
Eusko Jaurlaritza babesten duten taldeetatik, Ekain Rico sozialistak adierazi du Eusko Jaurlaritzak baduela borondatea Osakidetzan "dauden arazoak" konpontzeko, eta Irina Rabalok (EAJ) esan du Osakidetzak ez duela "emaginak isilarazteko" asmorik, eta gogorarazi du laster lantalde bat sortuko dela haien eskaerak aztertzeko.
Rebeca Uberak (EH Bildu) adierazi du Osakidetzako langileen politika "errotik" aldatu behar dela eta Laura Garrido popularrak azpimarratu du "errotik eta behin betiko" eman behar zaiola erantzuna auzi honi, emakumeen artean ekitatea egon dadin, eskualdea eta urteko garaia edozein izanda ere.