Gizartea
Indarkeria matxista
Arartekoak eta EHko Mugimendu Feministak protokoloetan jarri dute arreta, Pasaiako hilketaren ondotik
EITB Media
Arartekoak jakin nahi du "zergatik, Leonorrek salaketak egin arren, ezin izan duten emakume hori babestu". "Emakundeko zuzendaria entzun dugu protokoloak ondo funtzionatzen duela esaten. Zer da ondo funtzionatu duena?", galdetu du Euskal Herriko Mugimendu Feministak.
-
Bi bizilagun besarkatuta, hilketa matxistaren berri izan ostean. Argazkia: EFE
Arartekoak "samin eta atsekabe handiz" gaitzetsi du Pasaian (Gipuzkoa) gizon matxista batek Leonor izeneko bikotekide ohia hil izana, eta gaitzespenaz gain, kasua bera eta horren inguruabarrak "zorrotz berrikustea" eskatu du, ulertzeko zergatik, biktimak erasotzailea salatu arren, "ezin izan duten emakumea babestu" eta salatutako erasotzaileak bera hil izana saihestu.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak atzo baieztatu zuenez, biktimak 2020an aurkeztu zuen gizonaren kontrako salaketa, baina auzia bi urte geroago artxibatu zuten. Emakumeak Bekoz Beko Pasaiako elkarte feministan ere laguntza eskatu zuen. Hain justu, elkarteak uste du "sistema berandu" iritsi zela, eta "gizarte gisa huts" egin dugula.
Ohar batean nabarmendu duenez, Euskadiko Herriaren Defendatzaileak bat egin du Leonorren alaben, senideen eta lagunen saminarekin. Arartekoaren aburuz, gertukoek erakundeen "laguntza guztia" jaso beharko dute orain, batez ere krimen horrek euren bizitzetan sortutako kaltea ahal den neurrian konpontzeko.
Erakundeak salatu du matxismo hiltzaileak eragin guztiz kaltegarria izaten jarraitzen duela emakumeen bizitzetan, eta euskal gizarte osoari eta erakundeei eskatu die irmoki konprometitu daitezela "egiturazko gaitz horren kontra eta ideologia eta balio matxisten kontra borrokatzen, hiltzen duen indarkeriaren azken kausa baita".
Arartekoak berak ere bide horretan jarraituko du, "sendo eta modu nekaezinean", matxismoaren adierazpide guztiak salatzen eta emakumeen eta umeen giza eskubideak babesteko duen konpromisoa egunero berritzen, emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde.
Bestalde, Euskal Herriko Mugimendu Feministak protokoloak gogor kritikatu ditu: "Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria entzun dugu protokoloak ondo funtzionatzen duela esaten. Zer da ondo funtzionatu duena? Leonorrek salaketa jarria zuen eta indarkeria matxistaren expedientea zabalik izan zuen urte batzuetan. Horren ondoren gizon horrek berak erail du Leonor, nola egin dezake Emakundeko zuzendariak balorazio hori?"
"Babes eta elkartasun osoa" adierazi die biktimaren senide, lagun eta gertukoei. "Urteak daramatzagu salatzen indarkeria matxista egungo sistema heteropatriarkal, kapitalista, arrazista eta koloniala sostengatzen duen egiturazko arazo politiko eta sozial larria dela", gogorarazi dutenez.
"Astebete besterik ez da igaro, kaleak hartu genituenetik, azaroaren 25ean nahikoa dela aldarrikatzeko. Baina, erailtzen jarraitzen gaituzte. Emakume izanagatik erailtzen gaituzte. Eta hemen inor ez da ari beharrezko ardurarik hartzen!", salatu du mugimenduak.
Mugimenduaren esanetan, "neurriak ipini eta arazo larri honi dagokion tamainako dimentsio politiko eta soziala eman beharrean, egungo erakundeen pasibotasun eta jendartearen konplizitatearen ondorioz, urtez urte, emakumeon aurkako erasoak betikotzen dira". "Indarkeria matxistari aurre egiteko, lehen mailako arazo sozial eta politikotzat hartua izan dadin eskatzen dugu. Gure bizitzak daude jokoan!", azpimarratu dute.