Gizartea
Indarkeria matxista
Pasaian eraildako emakumeak ustezko hiltzailearen kontrako salaketa jarria zuen indarkeria matxistagatik
EITB Media
Biktima eta hiltzailea bikotekide ohiak ziren. Larunbatean, 16:00ak pasatxo zirela, emakumearen etxean sartu zen gizona eta tiroz hil zuen hura. Ihes egin zuen gero eta Villabonako Udaltzaingoan bere burua entregatu zuen. Atxilotuta jarraitzen du epailearen aurrera pasatzeko zain.
-
Erailketa izan zen etxadia, Pasaian. EFE
Larunbat arratsaldean Pasaian gizon batek eraildako emakumeak salaketa jarria zuen tratu txarrengatik gizon horren kontra. Izan ere, biktima eta hiltzailea bikotekide ohiak ziren.
Ikerketaren ardura daraman Ertzaintzako iturriek baieztatu dutenez, ustezko hiltzalearen beraren aurka "aspaldi" aurkeztu zuen salaketa emakumeak. Zehazki, 2020an jarri zuen salaketa eta handik bi urtera, 2022an, artxibatu egin zuten kasua.
Iturrien horien berberen arabera, hiltzaileak erabilitako arma pistola bat izan zen, eta harekin 53 urteko gizonak hainbat aldiz tiro egin zion bikotekide ohiari, 45 urteko emakumeari, Antxoko barrutiko Eskalantegi kaleko pisu batean.
Ustezko erasotzaileak ihes egin zuen autoz, eta handik ordu erdi ingurura, Villabonako Udaltzaingoaren egoitzan agertu zen eta bere burua entregatu.
Atxilotu egin zuten eta Ertzaintzaren komisaria batean dago, "genero-indarkeriaren arloko giza hilketa delitu bat" egotzita, epailearen aurretik noiz pasako zain.
Hildako Pasaiako emakumearen gorpua Donostiako auzitegiko patologia-institutura eraman dute bart, autopsia egiteko.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ez du jakinarazi gertakarien unean etxebizitza horretan beste pertsonarik ba ote zegoen, ez eta hilketa nola izan zen ere.