Gizartea
Indarkeria Matxista
Pasaiak atzoko hilketa matxista salatu du, elkarretaratze batean
EITB Media
300 pertsona, erakundeetako ordezkariak eta herritarrak tartean, elkartu dira eguerdian, Mugimendu Feministako kideek deituta eta Udalak babestuta, egin den elkarretaratzean. Pasaiako Udalak hiru dolu-egun ezarri zituen larunbatean. Astelehenean, berriz, elkarretaratzea izango da Foru Aldundian.
Mugimendu feministak deituta, eta Udalaren babesarekin, Pasaiako herriak atzo izan zen hilketa matxista gaitzetsi du eguerdian, Biteri plazan, egin duen elkarretaratze batean.
Elkarrekin izan dira erakundeetako ordezkariak, mugimendu feministako kideak eta herritarrak; 300 lagun inguru, saminak bat eginda.
Larunbatean eraildako emakumeak Ana Leonor zuen izena eta urteak ziren Pasaian bizi zela. Elkarretaratzean herrira iritsi zenean harrera egin zion elkarteko kideek hitz egin dute eta deitoratu dutenez, "sistema berandu iritsi" da "gizarte gisa huts egin dugu". Pasaiako Bilgune Feministako kideek elkartasuna adierazi diote emakumearen "familiari, lagunei, maite zutenei".
Leonorrek bere bikotekidea orain lau urte salatu zuen tratu txarrengatik eta Bekoz Beko herriko elkarte feministan ere laguntza eskatu zuen.
Erakundeen ordezkari gisa, Pasaian izan dira Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria eta Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia.
Elgarrestak gogor gaitzetsi du hilketa eta gogorarazi du ez direla bi aste ere pasa azkenekoz Pasaian bertan beste bilkura bat egin zela "eraso matxista larri batengatik. Orduan ez zen emakume baten bizitza galdu. Gaur Ana Leonor izan da, duela bi hilabete Yanelli izan zen, iaz Lurdes eta Maialen. Gaur ozen esan den bezala, bat gehiago ez, bat gutxiago ez".
Gaineratu duenez, indarkeria kasuen hamarretik zazpi indarkeria matxista dira eta, Elgarrestak azpimarratu duenez, "garbi dago erakundeok lanean jarraitu beharko dugula, gure eginkizuna izango da indarkeria matxistarik gabeko gizarte bat eraikitzea".
Ildo beretik, Mendozak "sumindura eta gaitzespen irmoena" adierazi du Foru Aldundiaren izenean. "Gertaera honek erreakzio kolektiboa eskatzen du, eta militzantzia gutako bakoitzaren eskutik, berdintasunaren alde. Izan ere desberdinkeria oso errotua dago gure gizartean eta horren adierazle izan da hilketa matxista hau". Gaineratu duene, "lan asko dago egiteko" eta ziurtatu du zeregin horretan jarraituko duela Aldundiak.
Hala, Emakumeen kontrako Indarkeriaren aurrean Erantzun Publikoa emateko Gipuzkoako protokoloari jarraituz, bihar 11:45ean ezohiko batzarra egingo du diputatuen kontseiluak eta, ondoren, elkarretaratzea egingo da Foru Aldundiaren atarian Pasaiako hilketa salatzeko. Atxikita helarazten dizuegu komunikabide grafikoei deialdia.
Pasaiako elkarretaratzea. Argazkia: EFE
Egun iluna Pasaian
53 urteko gizon bat atxilotu zuten larunbat arratsaldean 45 urteko bere bikotekide ohia hil zuelakoan, Pasaian. Emakumea alabaren aurrean hil zuen gizonak, eta zabaldu den informazioaren arabera, alaba balkoira atera zen laguntza eske.
Pasaian eraildako emakumeak gizonaren kontrako salaketa jarria zuen tratu txarrengatik
Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, arratsaldeko 16:00etan Pasaiko Eskalantegi kaleko etxebizitza batean izan zen hilketa. Gizonak suzko armaz hil zuen emakumea, eta ihes egin zuen gero auto gorri batean.
16:30 inguruan Villabonako Udaltzaingoan entregatu zuen bere burua, eta atxilotu egin zuten. Ertzaintzak bazuen gertaeraren berri ustezko hiltzaileak bere burua entregatu zuenerako.
Hiru dolu egun eta elkarretaratzea
Atzoko 20:30ean bilera hasi zuen Pasaiako Udal Batzordeak, eta 22:45 aldera adierazpen instituzionala kaleratu zuen hilketa matxistaren aurrean, "saminik sakonena eta erabateko gaitzespena" adieraziz.
"Udalak, alderdi politiko guztien eta herritaren izenean, babes eta elkartasun osoa erakutsi nahi die biktimaren senideei, eta egoera gertutik bizi izan duten herritarrei", helarazi zuten baita Udal baliabide guztiak jarri dituztela eta jarriko dituztela aurrerantzean ere horien guztien eskura.
Hiru eguneko dolua ezarri zuten herrian, igandeko 00:00etatik astearteko 23:59ra, eta ondorioz, bertan behar utzi dituzte egun horietarako aurreikusita zeuden ekitaldi guztiak.
Era berean, bat egin zuten Pasaiako Mugimendu Feministak 12:00etan, Biteri plazan, deitutako elkarretaratzearekin, "herri bezala erantzuteko momentua" dela nabarmenduz eta herritarrei bertaratzeko deia eginez.
Hilketa matxista gertatu den auzoa. Argazkia: EFE
Gaitzespen irmoa
Albistearen berri izan eta gutxira, sare sozialetan ziztu bizian zabaldu ziren hilketa matxista berri honen kontrako mezuak.
Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak "gaitzespenik irmoena" agertu zuen, eta biktimaren ingurukoei elkartasuna adierazteaz gain, Jaurlaritzak "edozein indarkeri motaren eta, bereziki, indarkeria matxistaen kontra" duen jarrera azpimarratu zuen.
Emakundek ere gaitzespena agertu du sare sozialetan:
¿ Gogor gaitzesten dugu Pasaian gertatu den emakume baten erailketa. Gure babes
— Emakunde (@emakundEJGV) November 30, 2024
osoa biktimaren senitartekoei eta gertukoei. #EmakumeenAurkakoIndarkeria emakumeen eta gizonen arteko
berdintasun ezaren adierazgarri latzena da.
Gipuzkoako Foru Aldundiko buru Eider Mendoza ere atsekabetuta agertu da eta gaitzespen irmoa adierazi du X sarean argitaratutako mezuan.
¿ Sumindura eta gaitzespenik irmoena, Pasaiako hilketa matxistaren aurrean. Elkartasuna eraildako emakumearen gertukoei eta Pasaiako herriari.
— Eider Mendoza Larrañaga (@EiderMendoza2) November 30, 2024
Como sociedad, es el momento de expresar alto y claro nuestro rechazo colectivo a la violencia contra las mujeres. #NiUnaMás https://t.co/bjdz3L3OEx
Pello Otxandiano EH Bilduren Legebiltzarreko bozeramaileak ere bere gaitzespena agertu du X sarean: "Gogor salatzen dugu Pasaian jazotako erailketa matxista eta euskal gizarteari honen aurka irmo azaltzeko deia egiten diogu. Elkartasuna eta babesa pasaitarrei eta biktimaren senide eta lagunei" adierazi du, eta deitzen diren mobilizazioetan EH Bilduk parte hartuko duela iragarri du "Indarkeriak patriarkalak parean izango du euskal gizartea".
"Ez dugu genero indarkeriaren eta berori existitzen dela ukatzen duten gezurtien kontrako borroka geldituko. Eraildako emakume bakoitza drama jasanezin bat da, aske bizi nahi duen gizarte honentzat. Mina hain gertukoa denean, amorrua are handiagoa da", esan du X sare sozialean Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkari Marisol Garmendiak.
PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezak ere irmoki gaitzetsi du Pasaian gertatutako hilketa. "Gizartearentzat onartezina den gaitz horren aurka borrokan jarraituko dugu", adierazi du.
Euskadiko PPk ere gogor kritikatu du jazotakoa. "Ez da bat gehiago. Biktima bakoitza bakarra da, eta gure gaitzespen irmoena merezi du", nabarmendu du.
Bikote bat besarkatzen, Pasaian. Argazkia: EFE