Gizartea
GERTAKARIA
Gizon bat atxilotu dute Donostian, ONCEko saltzaile bati lapurtu eta Urumeara jauzi egin ostean
agentziak | eitb media
Lapurra Donostia ospitalean dago, hipotermia zantzuekin erreskatatu eta atxilotu baitute.
Donostiako Udaltzaingoak gazte bat atxilotu du larunbat goiz honetan, hiriaren erdigunean ONCEko saltzaile bati maleta bat lapurtzea leporatuta. Atxilotua ihes egiten saiatu da, hasieran korrika, eta ondoren Urumea ibaira jauzi eginda.
Udaleko iturrietatik jakinarazi dutenez, 09:00ak aldera izan da lapurreta. ONCEren saltzaile bat kioskoa irekitzear zen Loiola eta Arrasate kaleak bat egiten duten lekuan, eta maleta txiki bat lapurtu diote.
Udaltzainek ikusi egin dute lapurreta, eta korrika joan dira lapurraren atzetik. Foruen pasealekuan ia harrapatuta zutela ikusi duenean, lapurrak 3.000 euroko balioa zuen maleta bota du, eta Urumea ibaira jauzi egin du.
Udaltzainen begiradapean ibaian igeri egiten aritu ostean, suhiltzaileek erreskatatu dute itsasora iristear zenean, hipotermia zantzuekin. Zurriola hondartzan atera dute, eta bertan atxilotu dute, Donostiako ospitalera eraman eta bertan ospitaleratu aurretik.