Itxi

Gizartea

Drama Mediterraneoan

Aita Marik Salernon lehorreratu ditu asteazkenean erreskatatutako 33 pertsonak

EITB Media

Pertsona horiek Libian muturreko egoerak bizi izan dituztela kontatu dute, itsasoan hainbat aldiz atzeman ondoren espetxeratzeak barne. Batzuek esan dute zazpi aldiz atxilotu dituztela, eta 2.000 dolar libiar ordaindu behar izan zituztela askatzeagatik.

  • Gaur Salernon (Italia) lehorretatutako pertsonak. Irudia: SMH

    Gaur Salernon (Italia) lehorretatutako pertsonak. Irudia: SMH

Aita Mari Salernoko portuan (Italia) porturatu da gaur goizean, 10:00ak aldera, eta azaroaren 27an Mediterraneoan erreskatatutako jatorri siriarreko 33 pertsonak lehorreratu ditu, Itsas Salbamendu Humanitarioa (SMH) gobernuz kanpoko erakundeak ohar batean jakinarazi duenez. Euskal erreskate-ontzia Salernon egongo da datozen egunetan, eguraldi kaskarra dela eta.

Gobernuz kanpoko erakundeak azaldu duenez, lehorreratzea modu ordenatuan egin da, eta lehentasuna eman zaie inoren kargura ez dauden hiru adingabeei eta anaiekin zihoazen bi emakumeei. Lehorreratu ondoren, 33 pertsonak Italiako agintarien menpe geratu dira, eta haiek izango dira asiloa eskatzeko prozesuak abiatzeko arduradunak.

Pertsona horiek Libian muturreko egoerak bizi izan dituztela kontatu dute, itsasoan hainbat aldiz atzeman ondoren espetxeratzeak barne. Batzuek esan dute zazpi aldiz atxilotu dituztela, eta 2.000 dolar libiar ordaindu behar izan zituztela askatzeagatik.

Dagoeneko 33 erreskatatuak Aita Mari ontzian seguru zeudenean, Salernon porturatzeko baimena jaso zen. Horrela, erreskate-tokitik Salernora bi eguneko nabigazioa izan dute.

Tarte horretan, Aita Marik larrialdi egoeran zegoen eta 22 pertsona inguru zeramatzan beste ontzi bati lagundu du. Hala ere, azkenean Italiako kostazainek erreskatatu zituzten.

Bestalde, Cataniako Prefekturak jakitera eman duenez, euskal ontziak azaroaren 20an egindako azken erreskatetik bizirik atera ziren sudandar jatorriko lau pertsona atxilotu dituzte, immigrazio irregularra erraztea egotzita.

Horren harira, "argi dago Europako migrazio-agendak ez dituela bermatzen indarkeriatik, pobreziatik eta klima-aldaketaren ondorio suntsitzaileetatik ihes egin behar duten pertsonen giza eskubideak", salatu du SMHk. Gauzak horrela, "beste behin ere bide legal eta seguruak" eskatu ditu, "NBEren agentzien gomendioen arabera, eta migratzaileen eta erakunde humanitarioen kriminalizazioarekin amaitzeko".

Espainiako ultraeskuinaren akusazioak

Bestalde, Itsas Salbamendu Humanitarioko ontzia eta Jesus Albiol Vox alderdi ultraeskuindarreko zinegotzia Burrianan eta diputatu autonomikoa adiskidetze saio batera deituta zeuden atzo goizean bertako epaitegietan, Albiolek egindako akusazioen harira. Joan den urrian Radio Castellonen izandako solasaldian, diputatuak erreskate humanitarioko ontziak "itsasontzi beltz-tratulari" eta "pertsonen trafikoko mafien beharrezko laguntzailetzat" jo zituen.

Hala ere, Jesus Albiol eta bere alderdi politikoko ordezkariak ez dira adiskidetze saiora joan, eta Voxek akusazio horietan ez duela atzera egingo berretsi du.

Egoera horren aurrean, salaketarekin aurrera jarraituko duela baieztatu du SMHk. Mediterraneoan arriskuan dauden pertsona migratzaileei laguntzeko konpromisoa berretsi du gobernuz kanpoko erakundeak, eta haien lan humanitarioa oztopatzea xede duten erasoak salatu ditu.

Sortu zenetik, Aita Marik 1.500 pertsona baino gehiago erreskatatu ditu, eta erantzun solidarioa eman die Europako hegoaldeko mugan gertatzen diren migrazio-krisiari eta giza tragediei.