Itxi

Gizartea

ARABA

Gizon batek adineko emakume bat hil du Gasteizko zahar-etxe batean

EITB MEDIA

Ertzaintzak atxilotu egin du ustezko egilea, adinekoen egoitza bereko erabiltzailea, eta ikerketa abiatu du, hilketaren nondik norakoak argitzeko. Gizon horri 25 urteko kartzela-zigorra ezarri zioten, aita hiltzeagatik.

  • Zahar-etxea.

    Zahar-etxea.

68 urteko gizon batek adineko emakume bat hil du gaur goizaldean adinekoen zentro batean, Gasteizen, eta atxilotu egin dute, hiltzailea delakoan, Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Gizona zahar-egoitza bereko erabiltzailea da, eta 25 urteko kartzela-zigorra ezarri zioten duela 27 urte, aita hiltzeagatik, ikerketako iturrien arabera.

Iturri horiexen arabera, atxilotua Ertzaintzaren polizia-etxean dago epailearen aurretik igaro baino lehen, eta nahasmendu psikiatrikoak ditu.

04:00ak aldera, Gasteizko IMQ Igurco Araba egoitzatik Ertzaintzari deitu diote; erabiltzaile batek beste egoiliar bati eraso egin diolako eta zauri larriak eragin dizkiolako.

Bertaratu diren patruilek egiaztatu dutenez, biktimak (emakume bat) zauriak zituen aurpegian, odola zeriela, eta, antza denez, objektu zorrotz batekin eragindakoak, arkatz batekin, esaterako.

Anbulantzia bateko osasun langileek emakumea artatu dute, eta Txagorritxuko ospitalera eraman dute. Han, hil egin dela baieztatu dute.

Agenteek adinekoen zentroa miatu dute, eta bilaketa operatibo bat hasi dute hirian zehar, erasotzailea handik ihes egin ote zuen argitzeko. Azkenik, egoitzako aldagela batean aurkitu dute, ezkutatuta.

Ustezko hiltzailea atxilotu dute, hilketa delitua leporatuta.

Ertzaintzak ikerketa abiatu du adinekoen zentroan gertatutakoa argitzeko, eta, hasiera batean, hilketa bat izan dela dirudi.

IMQ-Igurco egoitzak azaldu du ez dela aurretik inolako gertakaririk izan emakumearen eta ustezko hiltzailearen artean, eta adierazi du ikerketa polizial eta judizialetan ahal beste laguntza ematen ari dela, gertatutakoa argitzeko.

Ohar baten bidez, zentroak deitoratu egin du gertatutakoa, eta "atsekabe eta tristura handia" agertu du.

Hildako egoiliarraren familiari doluminak eta erabateko babesa helarazi dizkio, eta gainerako egoiliarrei jakinarazpen bat bidali die, zentroko arduradunak haien esanetara daudela jakinarazteko.

Egoitzak "normaltasun osoz" funtzionatzen du, eta senideen, egoiliarren eta langileen eskura jarri du laguntza emozionalerako zerbitzu bat, profesional espezializatuekin.

Doluminak

Gorka Urtaran Arabako Foru Aldundiko Gizarte Politiketako diputatuak gertaera deitoratu du, elkartasuna adierazi dio familiari, eta "laguntza psikologikoa" eskaini die egoitzako erabiltzaile eta langileei, gertatutakoa "ahalik eta ondoen kudeatzeko".

Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak ere doluminak helarazi dizkie emakumearen senide eta gertukoei.

Eusko Legebiltzarrean hedabideei egindako adierazpenetan, Zupiriak esan du "ikaragarria" dela pertsona batek "modu horretan bizitza galtzea".

"Urte askoan bizi izan den adineko pertsona bati buruz ari gara hitz egiten, eta bere bizitza bertan bizi zen pertsona baten erasoak zapuztu du", gaineratu du.