Itxi

Gizartea

Gabonak

Argiak piztearekin batera, Gabonak iritsi dira Euskal Herrira

A. Aramendi Elduaien | EITB Media

Iruñean eta Donostian gaur, ostirala, piztuko dira Gabonetako argiak. Azken hiriburuak dira, Gasteiz eta Bilbo dagoeneko Eguberrietan murgilduta baitaude. Azken urteetan, gero eta argi gehiago jartzen direla diote horretan aritzen diren enpresek eta elementu motak ere asko aldatu dira.

0:33
Irudia: EITB Media.

Gainean ditugu Gabonak. Herri eta hirietako argiak piztearekin batera, ilusioa eta poza nagusi diren garaiari hasiera ematen zaio. Gasteiz izan zen hiribururik goiztiarrena; azaroaren 22tik argiz beteta daude Arabako hiriburuko kaleak. Aste honetan, gainerakoen txanda izan da. Bilbon asteazkenean, azaroaren 27an, egin zuten pizte-ekitaldia eta Donostian eta Iruñean gaur, ostirala, emango diote hasiera Gabon garaiari, arratsaldeko 18:30ean.

Eguberri garai honi izaera berezia eman nahi izaten diote Hego Euskal Herriko lau hiriburuek eta, argiez gainera, ekitaldi ugari antolatu dituzte urtarrilaren 6a arte, tartean, azoka bereziak, izotz pistak eta noria, musika emanaldiak, Olentzero, Mari Domingi eta Errege Magoen bisitak, haur parkeak…

Argiztapenari dagokionean, Gasteiz izan da oparoena aurten: 1,7 milioi LED bonbila edo argi-puntu erabilita apaindu dute hiria, 2023an baino 300.000 gehiago. 44 kale eta 8 plaza argiztatu dituzte eta 168.000 euro erabili ditu Udalak horretarako. Hain zuzen ere, aurrekontua % 3 hazi da azken bost urteetan.

Kopuruari begiratuta, Bilbo dago bigarren lekuan, 1,5 milioi argi-puntu jarrita. Bizkaiko hiriburuaren kasuan, argi instalazioak jabegoan izan ohi ditu Udalak eta ez du urtero aurrekontu bat bideratzen hiria apaintzeko. Hori bai, aurten bi elementu berri erosi ditu, Casilda Iturrizar parkean jarri duten argi-tunela eta Moyua plazako zuhaitza, eta 430.000 euroko inbertsioa egin du horretarako.

Iruñeak 1,1 milioi LED bonbila erabili ditu. 617 elementu jarri dituzte hiri osoan zehar, tartean, 292 arku, 228 farola eta 97 figura, eta hiriburuko auzo gehienak apaindu ditu Udalak. Nafarroako hiriburuan ia hirukoiztu egin da aurrekontua azken bost urteetan, 2020ko 165.000 eurotatik aurtengo 440.000 eurotara.

Azkenik, Donostia 500.000 LED punturekin argituko dute aurten. Gipuzkoako hiriburuko udalak 415.000 euro inguru bideratu izan ditu azken bost urteetan Eguberri garaiko apaingarriak jartzeko. Aurten 175 arku, lurrean jartzeko 13  irudi eta bestelako 30 elementu jarri dira, eta 181 farola, 216 zuhaitz eta 2 horma apaindu dituzte argiz.

Lau hiriburuetan energia-kontsumoaren inguruko ardura ere azaldu dute. Hori dela eta, argiztapenak ordutegi zehatza izango du: 17:45ak eta 18:30ak bitartean piztuko dira egunero eta 22:00etan edo 23:00etan itzaliko dira, jai-egun nagusietan izan ezik.

Aldaketa nabarmena azken urteetan

Azken 20 urteetan aldaketa ugari izan dituzte Gabonetako argiek. Argilinex enpresa bizkaitarrak Hego Euskal Herriko 35 herri eta hiritan jarri ditu argiak egunotan, hasi Buñueldik eta Urdulizeraino. Bertako arduradun Miguel Borrajo Castroren ustetan, LED teknologia erabiltzen hasteak hiru aldaketa nabarmen ekarri ditu sektore honetara: energia kontsumoa % 90 gutxitu da, instalazioen pisua asko arindu da eta instalazio edo elementu mota ezberdinak sortzeko aukera izan dute.

EITB Media

EITB Media

LED teknologia 2012tik aurrera hasi zen ugaritzen. Urte hartako irailaren 1ean sartu zen indarrean Europar Batasunean bonbila gori tradizionalak fabrikatzeko debekua. Hainbat urtez eginda zeudenak saltzeko baimena eman bazuten ere, berehala hasi ziren desagertzen, baita Gabonetako argiteriatik ere.

Gaur egun gure herri eta hirietan jartzen diren apaingarri guztiek LED argi-puntuak edo bonbilak erabiltzen dituzte eta garai batekoek baino % 90 energia gutxiago kontsumitzen dute. Borrajoren azalpenen arabera, garai bateko figura batek 500 watt behar bazituen, gaur egun, elementu berak 50 watt soilik behar ditu eta argi gehiago ematen du.

Gutxiago kontsumitzen dutenez, txoko gehiagotan argiak jartzeko aukera zabaldu da. Argilinexeko buruaren arabera, azken urteetan, handitu egin da argi kopuruaren eskaera. Pandemiaren ondoren nabaritu dute eskakizunen igoera, bai udalek bai merkatari elkarteen aldetik.

Apaingarri mota berriak sortzeko aukera ere eman dute LED instalazioek, arinagoak baitira. Gaur egun, zintzilika jarritako apaingarriez gainera, asko ugaritu dira lurreko hiru dimentsiotako elementuak -opari-kutxak, hartzak, bolak eta abar- eta baita hormak apaintzeko errezelak ere.