Gizartea
HORTZEN OSASUNA
Osakidetzak hortzetako arreta emango die 0 eta 6 urte bitarteko adingabeei osasun zentroetan
N. B. | EITB MEDIA
Orain arte, EAEn, 7 eta 15 urte bitarteko adingabeei zuzenduta zegoen hortzak zaintzeko doako arreta, PADI programaren bidez.
-
6 urtetik beherakoentzako aho-hortzetako zerbitzua. Argazkia: Osasun Saila.
Azarotik, Osakidetzak aho-hortzetako osasun-estaldura zabaldu du, 0 eta 6 urte bitarteko haurrak barne hartzeko. Haur horiek arreta odontologikoa jaso ahal izango dute beren erreferentzia-eremuko osasun-zentroetan.
Zerbitzu berri horren baitan, 108.000 bat adingabe artatuko dituzte. Adingabeen hortzetako osasunaren alde egiteak indartu egiten du Osasun Sailak eta Osakidetzak Lehen Mailako Arreta prebenitzeko eta sustatzeko duten konpromisoa, Osasun Sailak jakitera eman duenez.
Orain arte, EAEn, 7 eta 15 urte bitarteko adingabeei zuzenduta zegoen hortzak zaintzeko doako arreta, PADI programaren bidez. Programa horrek, Euskadiko odontologo eta estomatologoen elkargo ofizialekin elkarlanean, itunpeko kliniketara doan sartzeko aukera ematen die familiei, kosturik gabe.
PADI ez bezala, arreta berria osasun zentroetan ematen hasiko da zuzenean.
0 eta 6 urte bitarteko adingabeen hortzetako osasuna zaintzea txantxarrak eragindako lesioak prebenitzean eta detekzio goiztiarrean oinarritzen da, eta, horrez gain, txiki-txikitatik ohitura osasungarriak sustatzeko ikuspegi hezitzailea ematen du.
Hala ere, zerbitzu horrek ez du barne hartzen esne-hortzetan ortodontziak, enpasteak eta endodontziak egitea.