Itxi

Gizartea

KATUEN KOLONIAK

Katuen koloniak Euskadin, gero eta kontrolatuago dagoen arazoa

EITB MEDIA

Bilbon 115 kolonia daude identifikatuta; Gasteizen, 85 eta Donostian kolonia ofizialik ez bada ere, Udalak adierazi du ordenantza berri bat diseinatzen lanean dihardutela, koloniak kudeatu eta kontrolatzeko. Ulian, Urgullen, Ametzagañan eta zenbait baratzetan katu-taldeak daudela esan dute.

0:29

Ez da lan samurra jakitea komunitate batean zenbat katuen kolonia dauden, baina azken urteetan hainbat katuen aldeko elkartek egindako lanak eta Animalien Ongizatearen Lege berriak katu taldeen kudeaketari buruz jasotzen dituen neurri berriak kontrola eta kudeaketa hobetzea ekarri dute.

Gauza jakina da gure herri eta hirietan katu koloniak daudela. Bilbon, esaterako, 115 kolonia daude identifikatuta gaur-gaurkoz: 23, Basurtu-Zorrotza inguruan; 11, Begoñan; 19, Deustun; 12, Ibaiondon; 18, Otxarkoaga-Txurdinaga aldean eta 15, Errekalden. Udalak zehaztu dutenez, azken urteetan kolonia kopurua mantendu egin da.

Dena den, Gasteizko Udalak adierazi du katuen kolonien kopuruak gora egin duela azken boladan, eta 85 dira jada zenbatuta dituztenak. Gehienak (47) hirigunetan bizi dira, eta gainerakoak ladanguneetan (21) eta industrialdeetan (17) bizi dira.

Donostiaren kasuan, udala buru-belarri dabil lanean ordenantza berri bat egin eta hirian katuen koloniak kudeatzeko protokolo zehatz bat diseinatzen, baina gaur-gaurkoz ez dago katu-taldeen erregistro ofizialik. Hauek dira katu taldeak identifikatu diren guneak: Urgull, Ulia, Ametzagaña eta zenbait baratze.

Animalien babeserako Lege berriak jasotzen duenez, udalen eskumena da katu koloniak kudeatzea eta kontrolatzea HAI metodoa erabiliz (harrapatu, antzutu eta itzuli). Halaber, tokian-tokian, katu komunitarioen errolda sortuko da, eta udalak onartutako katu-koloniak inskribatuko dira. Katuei mikrotxipa jarriko zaie, eta horrekin lortuko da katu-jabeak identifikatzea, eta horrela katu gutxiago abandonatuko dituzte.

HAI metodoaren garrantzia, katuen koloniak kontrolatzeko

Kaleko katu asko koloniatan antolatu ohi dira, eta horrek esan nahi du horietako asko taldean bizi direla eta eremu oso zehatz batean kokatuta daudela, babestuta eta elikadura-iturriak eskura dituztela. Hori dela eta, animaliak babesteko erakunde eta elkarte askok katuen kolonia horiek kudeatzen dituzte.

Katubihotz da horietako bat. 2012az geroztik ari dira katuen koloniekin lanean Pasaia inguruan, eta Irati Diezek azaldu du HAI metodoa dela katuen koloniak modu etiko eta eragokorrean kontrolatzeko metodorik eraginkorrena. Horren bidez, katu emeak antzutzen dituzte, eta bizilagunekin bizikidetza hobetzeaz gain, kaleko katuen gehiegizko populazioa saihesten da eta katuen bizi-kalitatea hobetu egiten da.