Gizartea
Gazteak eta osasun mentala
Hego Euskal Herriko gazteen ia erdiak ez dira zoriontsu, eta % 59k pentsamendu suizidak izan dituzte inoiz
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Gurea Geroa atari digitalak 3.700 gazte pasatxori osasun mentalaren gaineko inkesta egin die. Emaitzen arabera, itaundutakoen erdiek baino gehiagok antsiolitikoak hartzeko beharra sentitu dute, eta kontsumitu dituztenen artean 10etik 2k medikuak agindu barik hartu dituzte.
Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako gazteei (16-30 urte) galdetuta, ia erdiek (% 46) erantzun dute ez direla zoriontsu egunerokoan, eta gehiengo zabal batek (% 82) esan du triste eta larrituta bizi dela noiz edo noiz (% 17k beti hala dagoela diote). Muturrera joanda, gehienek (% 59) pentsamendu suizidak edo autolesiboak izan dituzte uneren batean. Argazki kezkagarri hau utzi du Gurea Geroa atari digitalak 3.763 pertsona gazteri (% 75 emakumezkoak) egindako inkesta batek.
Atariaren arduradunek Eusko Legebiltzarrean gaur aurkeztu dituzte ondutako txostenaren emaitzak, eta ondorioak ikusita, azpimarratu dute "premia larria" dagoela osasun mentaleko politika "irisgarriak" ezartzeko, laguntza sareak hobetzeko eta kirolean eta aisialdian oinarritutako ongizate jarduerak sustatzeko. Gurea Geroa atariak hiru hilabetean behin egin ohi ditu tankerako galdeketak, gazteen eta erakundeen arteko zubiak eraiki, egoeraren diagnostikoak egin eta proposamenak helarazteko.
Zoriontasun maila, oso baxu
Inkestaren arabera, adinean aurrera egin ahala zoriontasun gutxiago adierazten dute gazteek, eta aldea igarri dute gazteen bizilekuaren arabera. Izan ere, udalerri txikiagoetan (10.000 biztanle baino gutxiagokoak) zabalduago dago zoriontasun eza (% 48koa da portzentajea), herri handiagoetan bizi direnen aldean. Lurraldeen artean, Bizkaiak ditu daturik txarrenak (% 48).
Zorigaitza zerk sortzen dien galdetuta, harremanetan (% 28; zabalduago, gizonen artean, %34), lanean (% 22, bereziki 20-30 adin tartean) eta emantzipazioan (% 18, batez ere 20-30 urtekoen artean) jartzen dute fokua. Hori horrela, hirutik bik (% 65) ezkortasunez ikusten dute etorkizuna. Horretan ere aldeak daude gizon eta emakumeen artean (gizonezkoak, ezkorrago), adinaren arabera (nagusienak, 26-30, kezkatuago) eta lurraldeari erreparatuta (hirietan bizi direnak baikorragoak dira).
Itaundutakoen % 53k aipatu dute lagunak direla ongizate emozionala bermatzeko iturria, baina 10etik ia 9 bakarrik sentitu dira nahi ez zuten egoeratan. Dena dela, gehienek (% 57) ez dute argi eta garbi hitz egiten dituzten arazoen inguruan, eta lotsa, beldurra eta konfiantza falta aipatu dituzte arrazoi gisa.
10etik ia 4k aitortu dute ez dakitela sentimendu eta arazoak kudeatzen, batez ere emakumezkoek eta gazteenek (16-20 urtekoen % 43 esan dute ezetz). Egoera txarrenetan, gazteen ia % 60k pentsamendu suizidak edo autolesiboak izan dituzte. Jarrera horrek prebalentzia handiagoa du gizonen eta 16 eta 20 urte artekoen artean (gaztetxoenen % 74k aipatu dute suizidioaren aukera). Datu deigarri bat: udalerri txikietako (10.000 biztanle baino gutxiago) pertsonek joera handiagoa dute pentsamendu autolesiboak izateko (% 62).
Gaztetxoenek (16-20 urte) dituzte pentsamendu suizida gehien. Argazkia: pexels.com
Psikologia eta antsiolitikoak, tresnetako bi
Galdetutako gazteen artean zabaldua dago psikologoarengana jotzeko ohitura (% 64 joan da inoiz, hortik gora andrazkoen kasuan), baina gehiago izan daitezkeela ondorioztatu dute txostenaren egileek. Izan ere, zailtasun ekonomikoak (garestiegia omen da) eta sarbide falta (ez dakite nora jo) aipatu dituzte inkestatutako askok.
Bada datu are kezkagarriago bat: inkestan parte hartu dutenen % 55ek antsiolitikoak hartzeko beharra sentitu dute uneren batean, eta % 26k antidepresiboak kontsumitu dituzte azken hilabetean. Gainera, kasuen % 20an, medikuaren agindurik gabe hartu dituzte.
Gazteek teknologiarekin duten harremanari erreparatuta, galdeketari erantzun diotenen % 44k antsietatea sentitzen dute sakelako telefonorik ez dutenean, eta emakumeen artean zabalduago dago artegatasun hori. 20 urtetik gorako gazteek adin txikikoak baino antsietate handiagoa dute (% 47). Beste datu azpimarragarri bat: lau pertsonatik batek —emakumeak, batik bat— bere irudiak % 20an baino gehiagotan filtroekin partekatzen dituela adierazten du.
Hiru gaztetik bik ez dute ondo lo egiten, eta, gehienek kirola egiten badute ere, % 20k ez dute jarduera fisikorik egiten.