Itxi

Gizartea

PROFILA

Bengoetxea, EHUren norabidea aldatu nahi duen errektorea

EITB MEDIA

Irakasle eta ikertzaile gisa ibilbide emankorra izateaz gain, politikan ere arrastoa utzitakoa da irundarra; Lan eta Gizarte Segurantza sailburuordea izan zen 1998 eta 2001 artean.

  • Joxerramon Bengoetxea. Argazkia: EFE

    Joxerramon Bengoetxea. Argazkia: EFE

Joxerramon Bengoetxea (Irun, 1963)  izango da Euskal Herriko Unibertsitatearen lemazain berria, atzo errektore izateko hauteskundeak aise irabazita. Zuzenbidearen Teoriako irakaslea da EHUn eta katedrarako aitortza du; ikerketan lau seiurteko ditu pilatuta, eta irakaskuntzan, sei bosturteko.

Filosofia eta Zuzenbidea ikasi zituen EHUn, eta Edinburgoko Unibertsitatean doktoratu zen, Neil MacCormicken zuzendaritzapean. Bere tesitik ateratako The Legal Reasoning of the European Court of Justice liburua 1993an publikatu zuen Oxfordeko Unibertsitateak.

Mundu osoko dozenaka ikerketatan hartu du parte, ia denak zuzenbidearen filosofiarekin lotutakoak. Hala, elkarrizketa judizialak, epaileen soziologia, zuzenbidearen argumentazioa edota logika juridikoa izan ditu aztergai. Orotara, gaiokin zerikusia izan duten hamaika doktore tesi zuzendu ditu, eta berrehundik gora artikulu publikatu ere bai, sona handiko aldizkarietan: ingelesez, frantsesez, euskaraz eta gaztelaniaz zabaldu ditu bere lanak. Bost libururen egilea ere bada.

Bere ibilbide akademiko oparoagatik, Honoris Causa doktore izendatu zuen Helsinkiko Unibertsitateak 2023an, eta Euskal Herrian ere, hainbat aitortza jaso ditu: 2010ean Eusko Ikaskuntza saria jaso zuen, eta 2021ean, Jesus Maria Leizaola saria.

Irakasle eta ikertzaile gisa ibilbide emankorra izateaz gain, politikan ere arrastoa utzitakoa da irundarra; Lan eta Gizarte Segurantza sailburuordea izan zen 1998 eta 2001 artean, —Sabin Intxaurraga (EA) zen sailburua—,  Jose Antonio Ardanza eta Juan Jose Ibarretxe lehendakarien gobernu banatan. Europako Justizia Auzitegi Nagusiko letratua ere izandakoa da.

Errektore izateko hauteskunde kanpainan, EHU eraldatzea agindu du, eta horretarako, besteak beste, gobernantza horizontalagoa eta lan egiteko beste modu bat abian jartzeko konpromisoa agertu du, "behekoei" entzungo diela hitz emanez. Bere lehentasunen artean kokatu ditu unibertsitateko kolektibo guztien baldintzak hobetzea, ikerketa bultzatzea eta euskara erdigunean jartzea. "Unibertsitatea eraldatu, bere noraeza zuzendu eta denon artean adostutako norabideari jarraitzea, bikaintasunean lora dadin", esan zuen.

Hamar emakumek eta sei gizonezkok osatzen dute bere lantaldea: Leire Garmendia izango da idazkari nagusia, eta errektoreorde, berriz, Estitxu Garai (Bizkaia), Ixone Fernandez de Labastida (Araba) eta Juana Goizueta (Gipuzkoa).