Gizartea
Gala Murtzian
Gipuzkoako bi jatetxek lehen Michelin izarra jaso dute
EITB MEDIA
Donostiako iBAi eta Tolosako Ama saritu ditu Michelin Gida ospetsuak 2025eko edizioan. Arzakek, Martin Berasategik, Akelarrek eta Azurmendik hiru izarrei eutsi diete, eta Donostiako Ameliak eta Errenteriako Mugaritzek ere zituzten biak mantendu dituzte.
-
Ama eta iBAi jatetxeetako sukaldariak, Galan. Argazkia: EITB MEDIA
Michelin Gida ospetsua 2025erako sariak iragartzen ari da astearte honetan, eta, oraingoz, Gipuzkoako bi jatetxe nabarmendu ditu, eta lehen izarra lortu dute.
Donostian, iBAi mitikoa saritu dute Paulo Airaudo sukaldariak gidatutako zuzendaritza berriak egin duen lanagatik. Izan ere, sukaldariak jatetxearen funtsa errespetatzen jakin du, eta bultzada berritua eman dio.
Bestalde, Tolosan, Gorka Rico eta Javier Rivero sukaldariek zuzentzen duten Ama jatetxea saritu dute baserrietako tokiko sukaldaritzan oinarrituta duen ikuspegiagatik, eta osagai guztien purutasuna nabarmentzen duten elaborazioekin.
Arzakek, Martin Berasategik, Akelarrek eta Azurmendik bazituzten hiru izarrei eutsi diete, eta Donostiako Ameliak eta Errenteriako Mugaritzek ere zituzten biak mantendu dituzte. Nafarroako lau jatetxek ere izarrak dituzte: El Molino de Urdaniz (2), Rodero (1), Europa (1) eta Kabo (1).
Pedro Subijana sukaldaria Mentor Chef Award golardoarekin saritu dute. Aretoa zutik jarri da, Akelarreko maisua txalotzeko.
Izar bakarra duten jatetxeei dagokienez, Euskal Autonomia Erkidegoan 16 dira, Ibai eta Ama gehitu baitzaizkie. Eltziegoko (Araba) Marques de Riscalek eta Bilboko Atelier Elantxobek eta Zortzikok, ostera, izarra galdu dute.
"Bizitza aldatu digu"
"Bizitza aldatu digu Michelinek, eta kontatzeko hitzik ere ez dudan bidaia bat bizitzea ahalbidetzen digu, eta kutsagarria da, ilusioa pizten du, transmititu egiten du, eta gu munduko herrialderik onenean gaude", azpimarratu du Berasategik.
"Zorte handia duzunean eta sukaldean azken hamarkada hauetan gertatzen ari denaz hitz egiten duzunean, hunkitzen ez bazara, marmolezkoa zara", onartu du, banaketa hasi baino lehen.
"Sukaldari zoroak gara, zain eta muin aritzen gara gehien gustatzen zaiguna egiteko, hau da, sukaldetik zoriona zabaltzeko, eta aurten ere, urteko gaurik onena, eta urteroko urduritasunarekin", aitortu du.