Gizartea
Epaia
Aintzane Pujanaren hiltzaileetako bati espetxe iraunkor berrikusgarria ezarri diote
EITB Media
Lehen aldia da zigor hori Gipuzkoan ezartzen dutena. Bestalde, gizonaren bikotekide den eta Pujana hil zuela aitortu zuen emakumeari psikiatriko batean gehienez 20 urte egotea eta 10 urteko espetxealdia ezarri dizkiote.
-
Epaiketaren une bat. Artxiboko argazkia: EFE
Aintzane Pujana donostiarra hiltzea egotzitako gizonezkoari espetxe iraunkor berrikusgarria ezarri dio Gipuzkoako Auzitegiak. Aurreneko aldia da Gipuzkoan zigor mota hori aplikatzen dutena.
EAEko Auzitegi Nagusiak ohar batean jakinarazi du epaia. Kartzela iraunkorraz gain, gizonari bi urteko espetxe zigorra eta 12 hilabeteko isuna (10 euroko kuota ordainduta) ezarri diote biktima prostituitzera behartzeagatik, eta lau urte gehiago, legez kontrako atxiloaldiagatik.
Beste auzipetuari, gizonaren bikotekide eta Pujana labanaz hil zuela aitortu zuen emakumeari 10 urteko espetxealdia ezarri diote, ospitale psikiatriko batean gehienez 20 urte sartuta egon ostean. Kartzelatik atera ondoren, gainera, 10 urtez zaintzapean egon beharko du, tratamendu psikiatrikoarekin. Emakumeari nahasmendu psikikoaren salbuesle osatugabea eta aitortzaren aringarria aplikatu dizkiote.
Herri-epaimahaiak duela hilabete eman zuen bikotea erruduntzat jo zuen epaia. Emakumezkoari nahasmendu psikikoaren salbueslea aitortu zion. Gizonezkoaren kasuan, epaimahaiak egiaztatutzat jo zuen biktima prostituitzera behartu eta legez kanpo atxiki zuela.
Frogatutzat emandako egitateak
Herri-epaimahaiaren epaia oinarri hartuta, Auzitegiak frogatutzat emandako egitateen kontakizuna jaso du. Bi auzipetuak eta biktima Aizarnazabalgo (Gipuzkoa) nekazal turismoko etxe batean bizi ziren. Pujana prostituitu egiten zen, eta zigortutako gizonezkoa proxeneta zen.
2021eko urtarrilaren 1ean hirurak joan ziren autoz beste udalerri batera, han prostituitu behar baitzen biktima. Pujanak uko egin zion. Gizonak autoan itxi zuen emakumea, eta baso inguru batera eraman ostean, zigortutako beste emakumea Pujana kolpatzera behartu zuen, eta horrek sudurra apurtu zion. Behin Aizarnazabalgo etxean, bi zigortutakoek eskumuturrean bridak jarri zizkioten biktimari, ihes egin ez zezan. Ondoren, gizonak beste emakumeari agindu zion labana bat hartu eta hainbat labankada eman ziezazkion. Bertan hil zen Aintzane Pujana. Haren gorpua handik hiru egunera, urtarrilaren 4an, topatu zuten Urola ibaiaren ertzeko sastraka eremu batean.
Epaiak jaso duenez, zigortutako emakumeak egindakoa aitortu zuen, baita gizonaren parte-hartzea ere. Hasieratik bertatik, gainera, horren kontakizuna "ez da behin ere ez aldatu prozesu osoan", ezta epaiketan ere. Gizonari dagokionez, hilketan parte hartu izana ukatu bazuen ere, epaiak uste du "goitik eta behera gezurtatu" dela, bikotekidearen deklarazioagatik ez ezik, epaiketan zehar frogatutakoengatik ere.
Hala, ondorioztatu du emakumeak biktima sastatu bazuen ere, gizona ere hilketaren egiletzat jo daitekeela.
Epaia ez da irmoa, eta EAEko Auzitegi Nagusiko Arlo Zibil eta Penaleko Salan helegitea aurkez dezakete aldeek.