Itxi

Gizartea

Indarkeria matxista

15 urteko neskato bat hil dute labankadaz Orihuelan

Agentziak | EITB Media

17 urteko gizonezko bat, biktimaren bikotekide ohia, atxilotu dute hilketarekin zerikusia duelakoan. Hala, eta kasua ikerketapean duten arren, badirudi hilketa matxista izan dela. Antza, neskak harremana hautsi zuen duela egun batzuk.

  • Guardia Zibilaren bi patruila hilketaren lekuan.

    Guardia Zibilaren bi patruila hilketaren lekuan. EITB Media

15 urteko emakume bat erail dute bart, Orihuelan (Alacant), lepoan hainbat labankada jasota, Guardia Zibilak jakinarazi duenez. Hipotesi guztiak zabalik daude, baina hilketa matxista izan daiteke. Izan ere, 17 urteko mutil bat, biktimaren bikotekide ohia, atxilotu dute hilketarekin zerikusia duelakoan. 

Hain justu, Espainiako Gobernuak Valentziako Erkidegoan duen Ordezkaritza genero indarkeria gisa ari da kasua ikertzen. Baieztatuko balitz, 2024an Espainiako Estatuan gizon matxistek eraildako 42. emakumea litzateke. Atzo bertan beste hilketa matxista bat jazo zen Estepan (Sevilla). 48 urteko gizonezko batek 46 urteko emakumezkoa hil zuen, 11 urteko semea aurrean zegoela. 

Hilketa bart jazo da Alacanteko udalerri horretako etxebizitza batean. Neskaren nebak oso larri eraman du biktima Torreviejako Ospitalera, eta bertan hil da. 

Antza, neskak harremana eten zuen duela egun batzuk. Gizonak ez zuen aurrekaririk tratu txarrengatik, hilketa matxista gehienetan jazo ohi den bezala (2023an, biktimen % 26,7k baino ez zuten salaketa jarri bikotekidearen kontra). 

Ikerketaren gertuko iturriek zehaztu dutenez, larrialdi zerbitzuek dei bat jaso dute etxebizitza horretatik, sute txiki bat piztu omen dela eta.