Gizartea
Haizea
Loiun lurreratzekoak ziren lau hegaldi Madril eta Bartzelonara desbideratu dituzte, haize bortitzaren ondorioz
EITB Media
Gainera, bi hegaldi bertan behera utzi dituzte eta zenbait hegaldi atzerapenak jasaten ari dira, eta aurreikusitakoa baino beranduago ateratzen ari dira, haize-bolada gogorren ondorioz. Euskadi abisu horian dago 100 km/h-ko haizeengatik.
-
Loiuko aireportua. EFE
Loiuko (Bizkaia) aireportura zihoazen lau hegaldi desbideratu eta Madrilgo eta Bartzelonako aireportuetara bidali dituzte larunbat goizean, haize zakarraren ondorioz, AENAko iturriek jakitera eman dutenez.
Gainera, Bilbotik ateratzekoak ziren bi hegaldi bertan behera utzi dituzte eta beste hainbat hegaldik atzerapenak izan dituzte.
Haizeak eragina izango du euskal aireportuetan asteburu osoan zehar; izan ere, dagoeneko arazoak eragiten ari bada, are gehiago zailduko da egoera arratsaldetik aurrera, haize-boladek indar berezia hartuko baitute arratsaldean eta, batez ere, igandean.
AENAk bidaiariei gomendatu die euren hegaldiaren egoera aldez aurretik kontsultatzeko:
¿ Meteorología adversa en el #Aeropuerto de #Bilbao.
— Aena (@aena) November 23, 2024
¿ Si vas a volar, consulta con tu aerolínea el estado de tu vuelo. pic.twitter.com/ncl9BaiHWF
Abisu horiak indarrean egongo dira larunbateko eguerditik asteleheneko 06:00ak arte. Gainera, alerta laranja egongo da indarrean igandean 06:00etatik 15:00etara isurialde atlantikoko haizeguneetan, eta Gipuzkoan baita haizeguneak ez diren tokietan ere.
Haizeguneetan 120 km/h-ko haize-boladak izan daitezke, eta 100 km/h-koak haizeguneak ez direnetan. Igandean, gainera, baso-sute arriskua izango da 06:00etatik gauerdira isurialde atlantikoan.