Gizartea
Eguraldia
Haizea izango da asteburuko protagonista, eta alerta laranja ezarriko dute igandean
EITB Media
Larunbat eguerdian aktibatu dira haizeagatiko abisuak astelehen goizaldera arte. Haizeguneetan 120 km/h-ko haize-boladak izan daitezke, eta 100 km/h-koak haizegune ez direnetan. Igandean, gainera, baso sute arriskua izango da egun osoan isurialde atlantikoan.
-
Hego haizea. Argazkia: Karmele Begiristain.
Haizeak markatuko du asteburuko eguraldia, eta abisu horiak egongo dira indarrean larunbat eguerditik asteleheneko 06:00ak arte. Gainera, alerta laranja egongo da indarrean igandean, 06:00etatik 15:00etara, isurialde atlantikoko haizeguneetan eta Gipuzkoan haizegune ez direnetan.
Haizeguneetan 120 km/h-ko haize-boladak izan daitezke, eta 100 km/h-koak haizegune ez direnetan. Igandean, gainera, baso sute arriskua izango da 06:00etatik gauerdira isurialde atlantikoan.
Ostiraleko eguraldi nahasi eta gau hotzaren ostean, giro argiarekin hasiko da larunbata. Goizean goiz, hotz egingo du oraindik, batez ere barnealdean, eta izotza egin lezake zenbait txokotan.
Zeruan erdi-mailako hodeiak eta goi-hodeiak agertuko diren arren, ostarte zabalak irekiko dira, eta tenperaturak dezente igoko dira hegoaldeko haizearen ondorioz. Tenperaturen igoera isurialde atlantikoan nabarituko da gehien.
Arabako zenbait lekutan eta Nafarroa hegoaldean, behe-hodeiak agertuko dira goizean, eta giroa ilunagoa izango da.
Iganderako ez da aldaketa handirik espero, baina eguna oso haizetsua izango da, bolada oso gogorrekin haizeguneetan eta haizegune ez diren lekuetan.
Hegoaldeko haize zakarraren ondorioz, tenperaturek are gehiago egingo dute gora, eta baso-sute arriskua egongo da isurialde atlantikoan 06:00etatik gauerdira.
Zeruan, erdi-mailako hodeiak eta goi-hodeiak agertuko dira tarteka, baina giro argiarekin jarraituko dugu.
Bezperan bezala, hegoaldean giro goibelagoa izango da; izan ere, behe-lainoa sortuko da eta kostako zaio altxatzea.