Itxi

Gizartea

A25

EAEko 6.019 emakumek dute Ertzaintzaren nolabaiteko babesa erasotzaile matxista salatu ostean

E. G. | EITB Media

40k bizkartzainarekin bizi behar dute, dela zerbitzu iraunkorrarekin, dela unean unekoarekin. Erasotzaile matxistei dagokienez, 135 gizonezkok daramate lokalizazio eskumuturrekoa.

0:40
4.276 emakumek indarkeria matxistarekin lotutako 5.268 delitu salatu dituzte

Indarkeria Matxista desagerrazteko Mundu Eguna da gaurkoa, azaroaren 25a. EAEn milaka emakumek pairatzen duten errealitate gordina. Hain justu, A25aren harira, aurtengo lehen bederatzi hilabeteetako indarkeria matxistaren biktimen datuak (betiere aurkeztutako salaketetan oinarrituta) jakinarazi ditu Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak.

Gaur-gaurkoz, 6.019 emakumek dute Ertzaintzaren nolabaiteko babesa, eta erdiak baino gehiagok (3.826) epaileak hala agindu duelako daude zaintzapean. Biktimaren arrisku maila aztertu egiten da, eta lau mailatan sailkatu: oinarrizkoa, moderatua, handia eta berezia. Arrisku gehien duten emakumeei bizkartzain zerbitzu iraunkorra edo puntuala ezartzen zaie. Egoera horretan daude, hain justu, EAEko 40 andrazko: 22, Bizkaian eta 9na, Gipuzkoan eta Araban. Horrez gain, 239 emakumek dute kontrazaintza zerbitzua, eta 217ri baliabide teknologikoak eman zaizkie, euren buruak babesteko.

Erasotzaileei dagokienez, 135 gizonezkok daramate lokalizazio eskumuturrekoa (denek, epailearen aginduz): 46k Bizkaian; 54k, Gipuzkoan eta 35ek, Araban.

4.276 emakumek salatu dute indarkeria matxista

2024ko urtarriletik irailera bitartean, 4.276 biktimak salatu dituzte gizonek (bikotekideak, bikotekide ohiak edota senitarteko gizonezkoek egindakoa) euren kontra egindako indarkeriak, 5.268 delitu zenbatuta. Delituok ia % 8 igo dira iazko epe berarekin alderatuta. 

Lurraldeka, kopuru handienak Bizkaian erregistratu dira, bai kasuei dagokienez, bai biktima kopuruari dagokionez. Dena dela, portzentajeari erreparatuta, era horretako delituek Gipuzkoan egin dute gora gehien, eta igoera % 15,69koa izan da.

Salaketa gehienak (3.815, 2023an baino % 6,89 gehiago) bikotekidearen edo bikotekide ohiaren kontra aurkeztutakoak dira. Gehienetan ohiko tratu txar fisikoak, irainak, laidoak eta lesioak salatzen dituzte biktimek.

Urtea hasi zenetik, gizon matxista batek emakume bakarra hil du EAEn: Yanely, 31 urteko bilbotarra. Gizonak ez zuen aurrekaririk tratu txarrengatik, hilketa matxista gehienetan jazo ohi den bezala (2023an, biktimen % 26,7k baino ez zuten salaketa jarri bikotekidearen kontra). 

Bikote lagunak ez diren gizonek etxean egindako indarkeria ere hazi egin da (% 8,01), eta irailera arte 903 kasu salatu dituzte.

Intentsitate handiko sexu erasoak, % 40 gora

Era berean, aipagarria da sexu-askatasunaren kontrako delituek iazko epe berarekin izan zutela igoera (% 16,03 hazi dira), eta 550 salaketa erregistratu dira. Gehienak (369) sexu erasoak izan dira, eta horietatik 122, intentsitate handikoak. Deigarria da iaz baino % 37,08 gehiago direla.