Gizartea
Gabonak
Bilbo prest dago Gabonak ospatzeko
EITB Media
Gabonetako argiak azaroaren 27an piztuko dira Casilda Iturrizar parkean, baina ostiral honetan bertan txirrista eta izotz-pista sintetikoa irekiko dira, baita haurrentzako Gabonetako Ametsen Faktoria karpa ere.
-
Bilboko Gabonetako argien artxiboko irudia.
Bilbo prest dago Gabonak ospatzeko. Udalak hurrengo asteetako egitaraua aurkeztu du. Aurten ere, hiria magiaz eta ilusioz beteko da.
Gabonetako argiak azaroaren 27an piztuko dira Casilda Iturrizar parkean, baina ostiral honetan bertan txirrista eta izotz-pista sintetikoa irekiko dira, baita haurrentzako Gabonetako Ametsen Faktoria karpa ere.
Areatzako kaian dagoen izotz sintetikoko patinaje-pistak 800 metro koadroko azalera izango du, eta 2025eko urtarrilaren 6ra arte egongo da zabalik. Irristatzeko sei errei dituen izotz-txirrista sintetikoa Erripako kaian egongo da.
Erripako kaian ere egongo da Gabonetako Ametsen Faktoria haurrentzako gunea. 450 metro karratu ditu karpak, eta 12 urtera artekoentzako jarduerak izango dira bertan, doan.
Gabonetako Merkatua Erripako kaian egongo da. Aurten 26 saltoki izango ditu, 2023an baino bost postu gehiago.
Berrikuntza moduan, Moyua plazan zuhaitz handi bat jarri da, eta bereizgarria den iturria estali du. Horrez gain, 70 metro baino gehiagoko argi-tunel handi bat jarri dute Casilda Iturrizar parkean. Bi kasuetan, argia eta soinua izango dute.
Olentzero eta Mari Domingiren kalejirak abenduaren 23ko arratsaldean 18:00etatik aurrera zeharkatuko ditu Bilboko kaleak. Ekialdeko Errege Magoen Kabalgata urtarrilaren 5ean izango da, 18:00etan.